|
|
usika
|
Tradizioen aniztasuna
Bederatzi
ekitaldi izango dira Bidasoafolk 2005ean
Jaialdia Txingudi badiako hiru herrietara hedatuko da
Hiru kontinentetako tradizioak izango dira entzungai
Hendaia,
Hondarribia eta Irun hirietan burutuko den Bidasoafolk jaialdiak
bosgarren ekimena burutuko du abuztuaren 19tik 21era, hiru egunetan
zehar Karibe, Kantauri, Atlantiko eta Mediterraneo itsasertzeko
doinuak Txingudi badiaren inguruan bat egingo dutela. Hiru herrietan
izango diren kontzertuen bitartez, eta euskal kultura abiapuntu
hartuta, publikoari urrutiko lurretara eramango duen bidaia proposatzen
zaio, Eliades Ochoa kubatarra, doinu kurdoak jorratzen dituen Miço
Kendes, Portugaleko Carla Pires eta Quadrilha, Mediterraneoko musikak
eskaintzen dituen Luis Paniagua, bere jatorrien bila dabilen Gabriel
Yacoub, La volée dCastor kanadiarrak eta kultura euskalduna
eta gaskoiniarra uztartzen dituen Xarnege taldeak egitarauan tartekatuko
baitira. Iragarritako agerraldiez gain, zenbait artisten topaketak
edo inprobisazioak eta after hours saioak izango dira,
hurrenez hurren, Hondarribiako Banako eta Irungo Palace ostatuetan.
Hendaian burutuko dira lehen egunean izango diren bi ekitaldiak,
lehena Abbadiako gazteluan eta bigarrena Beltzenia pilotalekuan.
Jaialdia inauguratuko duen ekitaldian Miço Kendes eta Siria
eta Kurdistaneko musikariekin osatutako taldea izango dira protagonistak.
Kendesek tradizio kurdoaren inguruan egindako lanaren ondorioz,
ehundaka kantu bildu zituen eta horietako batzuk berak musikatutako
poema garaikideekin tartekatu zituen Memê Alan diskoan.
Parisko Gabriel Yacouben saioarekin hasiko da lehen eguneko bigarren
ekialdia non, Alan Stivellekin ibili zen lehenik eta, ondoren, Malicorne
talde ospetsua sortutako gitarra jolea, bere ibilbide oparoan eskuratutako
esperientziak eta abentura musikalaz zein gizatiarraz baliatuko
den. Hainbat disko argitaratu ondoren, zuzenean grabatutako Je vois
venir... lan bikoitza kaleratu zuen 2004an berak sortutako Le Roseau
ekoiztetxearekin. Quebeceko La volée dCastors taldearekin
bukatuko da Beltzania frontoian izango den kontzertua. Doinu indartsuen
bidez dantzarako gonbitea egiten duen seikoteak, bibolina, akordeoiak,
gitarrak, mandolina, bajua, pianoa eta perkusioak erabiltzen ditu
erritmoen eztanda gauzatzeko.
Mediterraneotik Karibera
Hondarribian burutuko dira 20rako iragartzen dituzten bi kontzertuak
eta Carlos V. paradorrean izango den lehen ekitaldian Luis Paniagua
izango da protagonista nagusia. Konpositore madrildarra ekialdeko
zein mendebaldeko kulturetan oinarritu da musika garaikidea eta
unibertsala sortzeko, bere ibilbide emankorrean ohiko hari zein
perkusio instrumentuak lantzeaz gain, sitar, pipa (laute txinarra)
edo Antzinako Mediterraneoko lira jotzen ikasi eta mendebaldeko
musika tresnekin uztartzen saiatu baita.
Bi estilo desberdin nagusituko dira Hondarribiako Gipuzkoa plazan
izango den kontzertu nagusian, Xarnege taldea eta Eliades Ochoa
eta Cuarteto Patria izango baitira taula gainean. Musikari euskaldun
eta gaskoniarrekin osatutako boskoteak tradiziozko doinuetan osatutako
errepertorioa eskainiko du, branleak, gabotak, jauziak, segidak,
polkak, rondeus, mutchikoak edo balsak tartekatzen baitituzte, modu
gaskoi eta euskaldunaz moldatu eta interpretatuaz, bi kulturetan
agertzen diren doinuei garrantzi berezia ematen dietelako.
Eliades
Ochoa gitarrajoleak eskainiko duen kontzertuarekin borobilduko da
20ko egitaraua, saio horretan 1939an sortutako Cuatro Patria taldea
ere izango delarik. Ekitaldian, elkarlanean burututako 20 urteko
ibilbidearen emaitza eskaintzeaz gain, Sublime ilusión deituriko
azken diskoko abestiak tartekatuko dituzte, non Kubako ekialdeko
doinu zaharberrituak nagusitzen diren bildutako 15 kantetan, boleroak,
guarachak edo tangoak tarteko. Ahots erakargarria izateaz gain,
Eliades Ochoa oso ezaguna da jotzen duen musika tresna bereziagatik,
gitarra edo tresaren hibridoa alegia, tarteka gitarraren doinua
ateratzeko ahalbideratzen duelako eta tresarena besteetan. Horrez
gain, bongoak, kontrabajua, marakak, gitarra eta ahotsarekin osatzen
da taldea.
Ivan Drever eskoziarrak Hondarribiako Banako aretoan eskainiko duen
ekitaldiarekin hasiko dira azken eguneko kontzertuak. Gaur egun
Kaliforniako Celtic Fusion dantza konpainiarentzako konposatu eta
jotzen duen musikariak, Knowe ODeil eta Wolfstone taldeetan
zein bakarkako ibilbidea egin du, azken arlo honen emaitza hiru
KD-tan erregistratuta duelarik. Tradition deiturikoan, Dreverentzat
erakargarriak diren folk doinuak tartekatzen baziren, Long December
Nighten Duncan Chisholm taldekide duela zuzenean grabatutakoa da
eta 2004an kaleratutako Waterfront deiturikoan 12 abesti eta melodia
biltzen dira, hain zuzen, Hondarribian, Estatu espainiarrean eta
Danimarkan emango dituen kontzertuetan eskainiko dituenak.
Gau portugaldarra
Portugal Gaua deitu diote antolatzaileek aurtengo Bidasoafolk egitasmoari
bukaera emango dion kontzertuari, bertan fadoak abesten dituen Carla
Pires eta doinu tradizionalak eskaintzen dituen Quadrilha taldea
izango baitira protagonistak. Antzezle eta abeslaria den Carla Piresek,
Amália musikalean eman zituen lehen urratsak eta izen berarekin
sortutako boskotearekin argitaratu zuen 2002an O fado em concerto
deituriko diskoa. Aurtengo ekainean bakarka egindako Ilha do meu
fado lehen lana kaleratu du, non Custódio Costelo, José
Manuel Neto, Mário Pacheco, Paulo Parreira eta Luís
Pontes izan diren gitarra jole eta Ricardo Cruz kontrabaju jolea.
Diskoan Vitorino, Paulo de Carvalho, Caetano Veloso, Zeca Medeiros,
Zeca Afonso, Mário Pacheco eta fadoak sortzen dituzten beste
zenbait egileen 12 abesti tartekatzen dira.
Sebastião Antunesek 1991n sortutako Quadrilha taldeak egitura
errazetan oinarritzen du bere errepertorioa, hain zuzen, bere kantuetan
jorratzen dituen gaien antzera. Antunesek Portugaleko tradizioko
egiturak zenbait soinu zeltiarrekin uztartzen ahalegindu zen hasieran,
herri musika gazteenei helarazteko asmoarekin. Bere kantuak sentimentuz
beterik daude, hala nola, marinelak eta beraien siniskerak, nekazariak
eta euren elezaharrak edo sutondoan, ilargipean edo gau erakargarrietan
kontantutako istorioak. Doinu liluragarrien artean, ahotsa, bibolina,
kontzertina eta xirulak nabarmentzen dira eta oinarri erritmiko
indartsuaz baliatuz, aspaldiko eta gaur eguneko melodiak eta pop
erritmoetan sorburua dutenak nahasten ahalegintzen da.
|