|
|
usika
|
Gozatzeko ondarea
II.Nazioarteko Jaialdia abiatuko da Lea-Artibai eskualdean
Estreinaldi mundiala izango da Euskalduna Jauregian’
Indarrez entzungo dira otsailean organo doinuak Bizkaian zehar, Foru Aldundiak antolatzen duen ‘Organo Kontzertuak 2007’ egitasmoan tartekatutako ekitaldiez gain, Rafael Castro de Peña konpositoreak sortutako lanaren estreinaldia tarteko, II. Nazioarteko Organo Jaialdia abiatuko da Lea-Artibaiko herrietan.
Bizkaiko eskualde horretan iragarritako sei kontzertuak Markina-Xemeingo Andra Mari elizan, Bolibar herrian dagoen Ziortzako Kolegiatan, Lekeitioko Jasokunde Andra Mari basilikan eta Amorotoko Martin Deunaren elizan burutuko dira otsailaren 17tik martxoaren 24a bitartean.
Markinan izango den lehenengo kontzertuko protagonistak Marie-Claire Alain eta Michel Colin organo jole frantziarrak izango dira, zeinek elkarrekin zein bakarka ariko diren Aquilino Mendizabalek egin eta 1910ean inauguratu zen organoan. Alain eta Colinek bakarka eskainiko dituzte Louis Marchand, Johann Sebastian Bach, Albert eta Jehan Alain eta Eugène Gigoutek sortutako piezak eta elkarrekin joko dituzte Wolfgang Amadeus Mozarten Fa minorreko Fantasiak, K 594 eta K 608.
Ziortzatik Lekeitiora
Ziortzako Kolegiatan otsailaren 24an izango den bigarren kontzertuko protagonistak Michel Chapius frantziarra eta Akiko Kan Dieu japoniarra izango dira, bikotea Fray Joseph de Echabarria egile eibartarrak 1686an eraikitako organoaren aurrean izango direlarik. Agerraldi horretan Bachen piezak nagusituko badira ere, egitarauan Etienne Richard, François Roberday, Haendel, Jean François Dandrieu, Marchand, George Böhm eta Vitrén aurkitutako XVIII. mendeko egile ezezagun baten pieza izango da entzungai .
Gainontzeko lau saioak martxoan izango dira; 3rako iragarritakoa Lekeitioko basilikan burutuko da, 1854ko Joseph Merklin & Friedrich Schützek egindako harmoniuma eta Pariseko Arístides Cavaillé-Coll & Fils etxeak 1854an eraikitako organoarekin gordetzen diren. Martxoko lehen entzunaldi horretan Panen txirula jotzen duen Philippe Emannul Haas suitzarra eta Silvano Rodi organo jole italiarrak izango dira, bikoteak prestatutako egitaraua XVI. eta XVII. mendeetako obrekin osatuko da, tarteko Jeremiah Clarke, Benedetto Marcello, Etienne du Tertre/Jean D’Estrée, Henry Purcell edo Michel Richard de Lalandek konposatutako lanak entzungai izango direlarik.
Lekeitioko basilikan burutuko da 10ean izango den kontzertua ere, Aitor Olea organo jolea eta Josu Aiarzaguena tronpeta jolea agerraldiko protagonistak izango direlarik. Musikari bizkaitarrek prestatutako egitarauan XIX. eta XX. mendeetako doinuak nagusituko dira, besteak beste, Charles-Marie Widor, Carl Hone, César Franck, Bob Chilcott, Nicholas Jackson, Maria Theresia von Paradis eta George Gershwinek sortutakoak.
Harmonium bizkaitarra
Amorotoko Martin Deunaren elizan dagoen harmoniumean arituko dira martxoaren 17an Emanuele Cardi organo jolea eta Polina Balva soprano errusiarra. 1895an Juan Dourte bizkaitarrak egindako musika tresnaren laguntzarekin, Cardi eta Balvak bost Ave Maria ezberdin eskainiko dituzte, Luigi Cherubini, Camille Saint-Saëns, Franceso Paolo Tosti, Franz Schubert eta Giulio Caccinik sortutakoak hain zuzen. Saioko egitaraua Bach, Louis Vierne, Purcell eta Mozarten obrekin osatuko da.
Lea-Artibaiko II. Nazioarteko Organo Jaialdiak martxoaren 24an izango du bukaera Markina-Xemeingo elizan Elena Romiti oboe jolea eta Letizia Romiti organo joleak emango duten entzunaldiarekin. Bikoteak eskainiko duen saioan Haendel, Purcell, Bononcini, Teleman eta Ferrinik konposatutako lanak izango dira entzungai.
Bestalde, aldez aurreko edizioetan Bilboko Euskalduna jauregian burutu den ‘Organo Kontzertuak’ egitasmoa, Bizkaiko zenbait herritara hedatuko da aurten eta ohiko egoitzan ezik Getxo, Zalla, Mungia, Lekeitio eta Gorliz herrietan ere entzunaldiak izango dira. Berritutako formatuarekin datorren egitasmoa urtarrilaren 21ean abiatu zen Jose Manuel Azkue gipuzkoarrak Euskaldunako auditorioan emandako kontzertuarekin.
Estreinaldi mundiala
Iragarritako bigarren kontzertua otsailaren 25ean burutuko da eta ekitaldi horretan Rafael Castro de Peña maisuak konposatutako Cinco puñales de plata en la muerte de un pastor obraren estreinaldi mundiala eskainiko dute Tomasz Adam Nowak organo jole poloniarrak eta Marta Ubieta soprano bilbotarrak. Beraiekin batera Bilbao Orkestra Sinfonikoko Bilbao Camerata ganbera-taldeko Azer Lyutfaliev kontzertinoa, Jon Irizar, Irantzu Goñi eta Enmanuel Licari biolin joleak, Asier Arabolaza eta Adiana Grígoras biola joleak, Alberto Urretxo tronboi jolea eta Javier Alonso perkusionista arituko direla.
Bizkaiko Foru Aldundiak iaz, Villarcayo herrian jaio zen Castro de Peñari, gaur egun Bilboko Juan Crisóstomo de Arriaga kontserbatorioko katedraduna dena, eskatutako obrak Esteban Urkiaga ‘Lauaxeta’ olerki egile bizkaitarraren testu baten oinarritzen da. Cinco puñales de plata en la muerte de un pastor obra sortu duen konpositoreak, musika jarri zien Juan Ramón Jiménez, Federico García Lorca, Antonio Machado edo Blas de Oteroren zenbait obrei eta 70. hamarkadan kantu koralaren baitan iraultza izan zen ‘Nora’ lana sortu zuen, Gabriel Arestiren testu bat oinarri hartuta.
2007 urtea amaitu orduko beste bost entzunaldi izango dira Euskalduna Jauregian. Simon Preston ingelesa apirilaren 1ean izango da, André Isoir frantziarra irailaren 30ean eta honen herrikidea den Michel Bouvard urriaren 21ean.Thierry Escaich organo jole eta inprobisatzailea azaroaren 11n eta aurtengo saioei amaiera emango dien Jan Willem Jansen abenduaren 16an arituko da Isabel Álvarez sopranoa, Jesús María Aréjula baritonoa eta Andoni Sierrak zuzentzen duen Conductus Ensembleren laguntzarekin.
Bilbotik Bizkaiara
Bizkaiko bost herrietan iragarritako kontzertuak Getxoko Bariko San Nikolas elizan hasiko dira martxoaren 31n Isabel Barredo bilbotarraren ekitaldiarekin. Bigarren saioa Zallako San Migel elizan izango da maiatzaren 19an, María Jesús Mazpule eta Bilboko Koraleko Kontserbatorioko Koroarekin. Ekainaren 9an izango da hirugarren saioa Mungiako Andra Mari eta San Pedro elizan, bertan Aitor Olea durangarra organo jole lanetan dela eta azken aurreko saioan, uztailaren 28an hain zuzen, Alize Mendizabal donostiarra izango da Lekitioko Jasokunde Andra Mari basilikako organoaren aurrean. Amaiera emango duen saioa Gorlizeko Andra Mari Sortze Garbiaren elizan izango da abuztuaren 18an eta bertan Daniel Oyarzabal organo jolea eta David Sagastume kontratenorra izango dira protagonistak.
|