|
|
ntzerkia |
te tro |
Zaletasuna sortzen
Urtero legez eskualdeko eskoletako ikasleen antzezlanak, talde profesional eta amateurren ikuskizunekin tartekatuko dira Eibarko Hezkuntza Esparruko Antzerki Taldeak, hau da, Narruzko Zezenek antola-tzen duen Deba Beheko Eskolarteko Antzerki Erakusketaren XXIII. edizioan. Aurtengo erakustaldia apirilaren 15ean abiatu bazen, maiatzan zehar ere eta ekainaren 16a arte ospatuko da, eta orain arte egin bezala emanaldi gehienak Eibarko ‘Uni’-ko an-tzeztokian bilduko badira ere zabaldu berri den Coliseo Antzokian ere izango dira ikusgai zenbait obra, Ermua, Elgoibar eta Mutrikuko antzoki eta aretoekin batera, bertako gazteei antzerkia hurbiltzeko aukera paregabea eskainiz.
Pasa den hilaren 15ean eman zion hasiera Markeliñe talde zornotzarraren azken lanak, Txitxarra ta inurriak aurtengo Deba Beheko Eskolarteko Antzerki Erakusketari. Maiatzan ere ikusgai izango den obra hau izen bereko ipuin klasikoa du abiapuntu eta inprobisazioa eta jolasa oinarri hartuz hitzik gabeko ikuskizun bisuala eskaintzen die haur zein gaztetxoei. Eta hauexek dira, hain zuzen, erakusketako protagonista nagusiak, egitarauan beraiei zuzendutako antzezlanak tartekatzen baitira eskualdeko ikasleek espreski prestatu dituzten antzezlanekin batera.
Ikasleak oholtzan
Orotara, hogei talde ingururen lanak aurkeztuko dira erakustaldiaren baitan, guztiak Eibar, Ermua, Mutriku eta Ondarruko eskola zein ikastetxeetako ume zein gazteek antzeztuak eta gehienetan umorea nagusi dela.
Umorea du osagai nagusia kontsumismoaren inguruko hausnarketa helburu duen Rosi Erosi ikuskizunak. Behi Bi´s taldeak taularatuko duen txotxongilo lan honek Rosi izeneko neskatxaren istoria kontatzen du, erostea soilik gustatzen zaion neskatilaren gora-beherak era dibertigarrian eskainiz.
Hortzmugaren Zirko Ilunak, berriz, zirkoaren mundu zoragarrian murgiltzen du ikuslea. Istorioak zirko zahar batetan du abiapuntua, bertan urteetan aritu diren artistak triste daudela zirkoa itxi eta alde egitera behartuko dituztelako baina, agurtu aurretik, iraganera begiratu eta bizitako esperientziak kontatuko dituzte.
Teatro Paraíso bere azken lanarekin hurbilduko da Eibarrera, Claudio Casadio eta Giampiero Pizzolek Grim anaien Bremengo Musikariak obra ezagunaren bertsioa taularatuz. Konpainia gasteiztarraren hogeita hamargarren urtemugan sortutako ikuskizun honek askatasun bila Alemaniako hirira alde egiten duten lau animali musikariren abentura taularatzen du.
Musika ere nagusi da Belatrix talde lirikoak eskainiko duen Érase una vez... La ópera ikuskizunean. Andoni Martinez da gaztetxoei opera hurbiltzea helburu duen obra honen zuzendaria, non konposatzaile ezagunen lanei errepasoa egiten zaien: hau da, Monteverditik hasi eta Mozart, Rossini, Beethoven edo Verdiren musikari so, operaren historiaren inguruko bidai bat proposatzen dute.
Coliseo Antzokia
Eibarren zabaldu berri den Coliseo Antzokian ere Narruzko Zezenek prestatutako egitarauko hainbat ikuskizun taularatuko dira. Txikienei zuzenduta Txanogorritxo eta marrubi zaporeko gaztainak lana izango da Glu Glu Produkzioaken eskutik. Galder Perez izan da ipuin klasiko hau egokitzearen arduradun eta aiton-amonei eskainitako omenaldi gisa gaixo duen amona bisitatzera doan neskatotxoaren istorioa kontatzen da, neskatilaren amets eta fantasiei garrantzi handia emanez.
Areto berean bilduko dira ume andana Euskal Herria osoan aski ezagunak diren Txirri, Mirri eta Txiribitonen saioa ikusteko. Aurtengo Max Sarietan Maximino bat lortu duen hirukoteak telebistan ikusgai den Trikitraka Trikitron ikuskizuna antzeztuko du, non musika, kantak, lehiaketak eta hiru pailazoen zorakeriak tartekatzen dituzten.
Nagusientzako ere
Ez dira ume eta gazteak antzerkira joateko aukera izango duten bakarrak aurtengo edizioko egitarauan, nagusiei zuzendutako ikuskizunak ere izango baitira, bi Coliseo Antzokian eta bakarra ‘Uni’-ko aretoan, azken honetan, Aristofanesen Lisístrata aurkeztuko du Chesteko Hezkuntza Esparruko Teamus Antzerki eta Dantza Taldeak. Paco Tejedo, eszena zuzendaria eta Manolo Carrascosa konposatzaile eta musika zuzendaria dira 60 aktore eta musikarik osatzen duten talde honetako arduradunak.
Fer Montoya da Objetivo Macbeth lanaren egile eta zuzendaria eta baita BAI, Bizkaiko Antzerki Ikastegiko irakaslea. Bertako ikasleek izango dira Shakespeareren obra ezaguna antzezteko asmoz, entsegu batetan taldekideen artean gertatzen dena taularatuko duten aktoreak.
Montoyak idatzitako ikuskizun honek antzerkiari buruzko hausnarketa azaltzen du Macbeth obrak duen anbizioa eta indarkeria abiapuntu hartuta; ideia horretatik bada, aipatutako obra ezaguna prestatzen ari diren aktoreen arteko elkar-bizitzaren gora-beherak ezagutzeko parada izango da.
Beste autore handi baten obra ezagun baten bertsioa ere izango da ikusgai, Henrik Ibsenen Casa de muñecas. Patxi Hermosok zuzentzen duen Gizandrak, Abadiñoko Udaleko Berdintasun arloko antzerki taldeak, Hermosok berak idatzi duen bertsioa aurkeztuko du.
Urtebete prestatzen aritu ondoren, iaz estreinatu zen obra honek planteamendu estetiko berezi bat du aktore guztiak eszenatoki gainean agertzen baitira une oro nahiz eta antzezten ez egon pertsona eta pertsonaien arteko harremana eta eraldaketa ikuslegoari erakutsiz. |