|
|
ntzerkia |
te tro |
Zirko garaia
Arreta berezia eskainiko diote Baionako Antzokian zirko ekoizpenei, bi lan desberdin izango baitira ikusgai areto honetan maiatzaren 15 eta 22an. Lehenengoan Belgikako Compagnie Baladeux taldea osatzen duten France Perpête eta Toom Schuermans artistek, Double tour ikuskizuna eskainiko dute, bigarrenean Howard Buten ingelesak Tout Buffo lana aurkeztuko duelarik.
Double tour lanean agertzen den bikoteak, une batzutan adiskide eta beste batzutan etsai, hutsala edo harrigarria, lotu edo banatu egiten duen ate batekin jolasten da. Antzezleen malabare jokoak, umoreaz, poesiaz eta leuntasunaz osoturik dauden bitartean atea negarti edo adiskide azaltzen da.
Baina ate estuegia egiten zaizkienean umore kontrajarriak, bihotz taupadak, une bakartiak, sortzen den haserrea eta musikaz eta gozotasunez beteriko birtopaketak eta, itxura baten, bizitza propioa eskuratu eta gorputzen inguruan astintzen dituzten pilotak jasoko dute protagonismoa.
Umore adimentsua
22an izango den Howard Buten, bestalde, nazioarteko zirko berriko aktore azpimarragarrienetarikoa bilakatu da eta berak asmatutako ‘Buffo’ pertsonaia Buster Keaton, Charles Chaplin, Jacques Tati edo Fratellini bezalako maisuekin parekatu dute.
Tout Buffo ekoizpena aurkezten duen Buteni buruz “Gizon hau poema hutsa da!” esan du hainbatek, eta esaldi hori gutiz egia omen da, gai baita bera bakarrik barre algarak sortarazteko, sabeliztunaren saioa eginez, praketako patrikatik urez beteta dagoen edalontzia ateratzerakoan, desagertu eta oihal azpian agertzen diren hatzaparrekin edo doinurik atera nahi ez duen tronpeta jotzen hasteko.
Antzezle ospetsu honek ikusle bakoitzaren barne sentimenduak astintzeko gaitasuna erakusten du bere sudur gorria eta aurpegi zuriarekin. Hala ere, bere asmoa ez da ikuskizun berriak sortzea “urteetan zehar bilakatzen doan numero bat infinituraino hobetzea” baizik.
Aipatu baita ere, Butenek argitaratutako ‘Quand j’avais cinq ans je m’ai tué’ (Bost urte nituenean nire buruaz beste egin nuen) 800.000 aletik gora saldu direla eta ikasketez psikologo klinikoa bada ere, haur autistei zein antzerkiari eskaintzne dio denbora guztia.
|