Revista Artez
Portal Artezblai
Libreria Yorik
Revista de las Artes Escénicas
Artez 57. Enero de 2002
Hoy es
 
  • Teatro
  • Música
  • Danza
  • Audiovisuales
  • Zona Abierta
  •  
     
  • Agenda
  •  
     
  • Conócenos
  • Suscríbete
  • Contacta
  •  
     
  • Buscador
  • Números anteriores
  • Directorio
  •  
    ntzerkia
    tetro

    Gizarte orbanak

    KONTENEDORE BATEN ISTORIOAK
    Egilea: PATXO TELLERIA
    Antzezleak: PATXO TELLERIA,
    MIKEL MARTÍNEZ
    Eszenografia: JOSÉ IBARROLA
    Argiztapena: JON MESPERUZA
    Atrezzoa: CARLOS BAREA
    Antzezleen zuzendaritza: AITOR MAZO, JOKIN OREGI
    Zuzendaritza: PATXO TELLERIA
    Konpainia: MASKARADA

     

    Zer egiten dute Theodor Zabor eta Lionel Zakarrek kontenedore batean sartuta hondakin hutsak bailiran? Nortzuk dira pertsonaia arraro xamar bi hauek? Kontenedore baten istorioak titulutzat duen Maskarada taldeak prestatu duen azken antzezlanak hasi bezain pronto ikuslearengan galdera hauek sortaraziko ditu. Bilboko konpainiak ergelkeriaren inguruan zuen proiektuaren ondorioa da Kontenedore baten istorioak. Ideia horretatik abiatuta Patxo Telleriari gizakion tentelkeria zaborraren ikuspegitik heltzea otu zitzaion. Bere esanetan, “pertsonak izanda, gu ere ergelak gara eta zentzu horretan pulpito batetik esanbeharrekoak botatzea ez genuen nahi. Orduan, zabor bilakatuta, zilegi genuen nahi genituen gauzak kontatzea”.

    Zaborraren kredoa


    Lionelek obraren hasieran aipatzen duen bezala “esaidazu zer zabor sortzen duzun eta nolakoa zaren esango dizut”. Horrela, Zabor eta Zakarrek kontu unibertsalak izango dute mintzagai, kultura, kontsumismoa, forofismoa, artea, nazionalismoa eta lanari buruz duten ikuspegia izango dute mintzagai. Kontenedorearen barruan Theodor Zabor eta Lionel Zakar errausketa plantara eramango dituen kamioiaren etorreraren zai daude. Bitartean, urduritasunak eta ezinegonak barrena hustu beharra sortzen du.
    Mikel Martinezek antzezten duen Lionel Zabor egoera berriarekin eroso ematen du. Bere kredoan aipatzen duen bezala, zaborra dela eta bizitzaren zikloa beteko duela sinisten du. Telleriak dioenez, “oso sinistuta eta etorkizunak ekarriko duenarekin lasai dago. Baikor etsia den pertsonaia da, berak onartu baitu bere egoera”. Testu egileak berak taularatzen duen Theodor Zakar, bestalde, egoera ulertzen du, baina ez dago batere gustora. Bere ezinegonak gauza berriak planteatzera eramaten duen bitartean, lagunak zimeltzea du helburu, “kristauak gogo-ihardunak egiten dituen bezala, bere azken eguna agurtzeko prestatu gura du”.

    Banatutako osotasuna


    Patxo Telleria eta Mikel Martínez antzerki sketchak egin ohi duen bikotea da. Horregaitik, antzezlan honen egituraren ardatz nagusia jendearen jokabide bitxiak islatzen dituzten zenbait eszenaz osatuta dago, pertsonaien bidez osotasunari lotura dramaturgikoa emanez. Martínezen aburuz, “bi pertsonaien artean ezadostasuna ematen denean, bakoitzak istorio bat proposatzen du bere jarrera defenditzeko”. Idazlearen ustez, istorio bakoitzak autonomia osoa dauka, bere kabuz aurkeztu daitekeen eszena da, baina aldi berean testuinguruari buruzko informazioa ematen dute “puzzle bateko piezak bailiran. Orain arte batera egin ditugun sketch moduko agerraldi gehienetan ez da pertsonaiarik egon, Patxo eta Mikel izan gara beti kalean zein oholtzan. Kasu honetan, lehengo estiloa baztertu barik pertsonaia teatralak eraikitzean oinarritzen da”.
    Beraz, Zabor eta Zakar pertsonaia biribilak dira, antzezlana aurrera joan ahala bilakaera bat pairatuko dute. “Jendearen jokamoldeari buruz hitz egiten duten heinean euren benetako nortasunaren kontzientzia hartuko dute” dio zuzendari eta dramaturgoak. Ildo horretan, zenbait egoerak absurduan oinarritzen diren arren, pertsonaiak benetakoak direla azpimarratu digu Martínezek.
    Kontenedore baten istorioak Bilbon kokatu dute, nahiz eta unibertsala izan Telleriaren ustez, mundua hiri erraldoi bilakatu denez leku guztiak antzerakoak baitira. “Lan hau komeriaren ildotik doa hasieratik bukeraraino, baina pasarte batzutan Bilboko zenbait pertsona erreal gogora ekarri nahi izan ditugu, zeinekin gure pertsonaiak oso solidario sentitzen diren. Horrela, Madriles erromes alkoholikoa, maitasunak zoratu zuen Arrekibarreko Eroa edota kartelarekin kaleetan zehar ibiltzen zen langabetuaren miseriak azalduko dituzte. Nolabait, baselinaz, euren memoria berreskuratu nahi izan dugu”.
    Telleriak idatzi ohi dituen antzezlan gehienekin gertatzen den bezala, Maskaradaren azken lan hau testuan oinarritutako proposamena da. Martínezek dioenez, “umorearen bidetik bizitzaren gai serioak mintzagai ditu kasu honetan. Karga handia duen testua da”.

    Elementu errealak


    Estetika aldetik, eredu kontzeptualari heldu diote. Pertsonaiak kontenedorearen barruan izanda trajez jantzita agertuko dira, Telleriaren esanetan “arloteak ez direla adierazi behar genuelako. Gure pertsonaiak ez dira metafora hutsa, errealitatean eman daitezkeen bi izaki baizik”. Bestalde, alde bisualari ikutu artistikoa emateko José Ibarrolaren irizpidearen laguntza izan dute. Izan ere, eszenografian zein atrezzo bezala erabilitako elementu guztiak errealak direnez –Bilboko Udalak eman zizkieten kontenedoreak, “jatorria gogora ekartzen zuen patina eta guzti”– estetikoki homogeneo izan daitezen nahi izan dute. Hala ere, kutxa beltzean kokatutako kontenedoreak izanda, argiztapen diseinuaren bidez espazioen banaketa osoa egingo dute.
    Nahiz eta ikuskizunaren zuzendaritza orokorra Patxo Telleriak burutu izan, antzezle bezala Aitor Mazo eta Jokin Oregiri eskatu zieten kanpoko ikuspegia eman zezaten. “Aitorren lana zuzendari laguntzailearena baino gehiago da. Askotan, laguntzailea sekretarioa baino ez da, baina gurean antzezleen zuzendaritza bere gain hartu du”, azaldu digu Telleriak. Mazoren iritziz, “antzezlanaren malgutasunak, hots, clownetik sikodramarako transizio azkarrak zailak dira antzezleentzako, baina aldi berean erronka gogorra”.
    Kontenedore baten istorioak euskeraz eskainiko dute estreinekoz, Telleriaren esanetan, Euskal Herrian gertatu ohi da erdal antzezlanaren estrenaldirako ondo prestatzen dela eta ondoren euskarazko bertsioa azkar eta presaka egin ohi dela. Ondorioz, Historias de un contenedor delako erdal bertsioa hemendik hilabete batzutara estrenatuko dute.

    Teatro gizona
    Patxo Telleria antzezle, teatro idazle eta inoiz ere, itzultzaile lanak egin ohi ditu. Antzezle gisa Luis Iturrik zuzendutako zenbait antzezlan, zarzuela zein operatan aritu izan zen. Teatro idazle bezala, Harrizko Aresti hau lanarekin hasi zenetik, zazpi antzezlan estrenatu ditu, tartean Txireneren Torito Bravo edota Maskaradaren Marxkarada.

    URTARRILAK 16 ENERO (20.30)<br>
    SOZIAL ANTZOKIA - BASAURI<br>
    URTARRILAK 22, 29 ENERO (20.30) <br>
    BILBOROCK

    pagina principal

    Teatro | Música | Danza | Audiovisuales | Zona Abierta | Agenda
    Conócenos | Suscríbete | Contacta | Buscador | Números Anteriores

    © elorrio artez blai kultur elkartea,2001
    artez@artezblai.com
    C/ Elizburu, 3 - 48.230 - Elorrio - Bizkaia tlf: (+34) 946 583 082 fax: (+34) 946 231 886