|
|
abal
gunea
|
ona
Abierta
|
Euskal
antzez arteen erronkak
Eusko
Ikaskuntzaren Kongresuan antzez arteak posible egiten dutenek, bat
etorri ziren Euskal Herrian erakunde publikoek bultzatutako egiturak
beharrrezkoak direla esaterakoan. Hitz gakoen artean militantziak
garrantzia hartu zuen, bai euskarazko antzerkia aurrera eramateko
orduan, baita euskal dantza tradizionala mahai gainean jarri zutenean.
Dantzaren kasuan, formakuntza egituratuaren falta salatu zuten.
Joan
den azaroaren 28an, goiz partean, Eusko Ikaskuntzak antolaturiko
bere hamabosgarren kongresuak antzez arteei tartetxoa eskaini zien,
Dantza eta Antzerkia mintzagai zuten mahai inguru bana burutuz.
Arte eszenikoen profesionalak eta zaletuak bildu zituen foroak,
dantzaren egoeraren analisia gidatu zuen Josu Mujikaren aburuz,
administrazioari eta gizarteari proposamen berriak helaraztea zuen
helburu.
Marketing arauak
Ordu eta laurdenez, dantza posible egiten duten hiru arlo nagusietaz
aritu ziren gonbidatutako hiru hizlariek, hots, formakuntza, sorkuntza
eta difusioa. Nafarroako Gobernuko Dantza Eskolako ordezkaria den
Ana Morenok dantza eskolen historia gogora ekarri zuen, HSAOL hezkuntza
legeak hezkuntza sistima orokorrean irtenbide laborala eskaintzeko
barneratu zuen arte, alegia. Etorkizuneko erronken artean, Morenok
dantza konpainia sortuko lukeen Zentru Koreografikoaren sorreraren
beharra azpimarratu zuen, zeinak Euskal Herrian dauden goi mailadun
dantzariei bertan ikasketak bukatzeko aukera emango zien.
Eskakizunak hurrengo mintzaldia ondo baino hobeto aurkeztu zuen,
ondoren Biarritz Baletako Filgi Claveriek sorkuntzaz hitzegin behar
baitzuen. Haatik, Estatu frantsesak darabilen Zentru Koreografikoekiko
politika azaldu eta gero, Morenorekin bat ez zetorrela adierazi
zuen, gune horiek ez dutelako akademien papera bete behar, baizik
eta beste helburu batzuk. Biarritzeko eredua hartuz konkretuki,
sorkuntza, zabalkundea eta publikoaren prestakuntza lantzen dituzte.
Halaber, Biarritzeko Baletaren nahia Euskal Herri osorako Zentru
Koreografiko bilakatzea dela azaldu zuen.
Hedapenari buruz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lide Aranak urtean behin
euskaldunen %2a besterik ez doala dantza ikustera gogorarazi zuen,
eta egoerari aurre egiteko marketingaren urrezko araua proposatu
zuen, publikoa identifikatzea eta berau ondo zaintzea, horrek ekarriko
baititu publiko berriak.
Eneko Olasagastik zuzendutako Antzerki mahai inguruak Euskal arte
eszeniko horrek bere sorkuntzatik gaur egunera arteko analisia ARTEZ
aldizkariko zuzendaria den Carlos Gilek bete zuen, elkarte
utopikoetatik egungo ekoizketa bulegoetara dagoen
tartea jorratuz.
Erosle eta saltzaileak
Ondoren
merkatu bati begira ekoizketa prozesuan parte hartzen duten aktoreek
euren ikuspuntua plazaratu zuten. Patxo Telleriak teatro idazle
gisa euskal antzerkia definiezina dela aipatu zuen, ez baitago erreferenterik,
euskal idazlea umezurtza baita. Hortaz, bere ustez, heterogeneotasuna
da euskal antzerkiaren ezaugarri komun bakarra.
Fernando Bernuések antzerki ekoizle gisa bi zentzutan gidatu
zuen bere diskurtsoa. Batetik, Euskal Herrian produkzioa aurrera
eramateko artistikoak ez diren zereginak beteko lituzkeen egitura
komunaren falta nabari dela azpimarratu zuen zeren, berez artistikoa
ez den eguneroko lanak, konpainietako kideak erre egiten
ditu. Bestetik, testu ez konbentzionalak erabiltzearen arrazoiak
azaldu zituen: Euskal Herritik kanpo lan egiteko beste lurraldeetan
inork egin ez duen proposamena aurkeztu behar dugu. Gainera, guk,
hunkitzen gaituen istorioak eraman ohi dugu eszenatokietara, edozein
dela bere jatorria.
Tanttakako zuzendariak eskatutako sarearekin bat etorri zen Julio
Perugorria ekoizle eta banatzaileak, zeinean banaketa lana
barneratuta behar luke izan. Administrazioen kritika ere egin
zuen, bere aburuz, arte eszenikoa alde guztietatik hazi baita, administrazioen
laguntzetan salbu. Barakaldo Antzokiko Gonzalo Centenok erosleen
ikuspuntua jarri zuen mahai gainean, koordinazio egitazmorik ez
dela adieraziz. Bestalde, azpiegituretan gehiegizko gastua eta programazioetan
arrisku falta aurrez aurre jarri zituen.
Militantzia eszenikoa
Bukatzeko, mahai inguru bietan eta kongresuko partaide izan zirenek
eztabaidari ekin zioten. Gizarte elebiduna izatearen arazoa planteatuz,
euskerazko bertsioen ekoizketa arrazoi ekonomikoetan oinarritzen
dela kritikatu zuten batzuk. Beste batzuek, Bernuések kasu,
euskerazko antzerkia konpainiek eurek sinatu duten konpromezuari
esker ematen da, ez baita batere errentagarria. Eusko
Jaurlaritzako ordezkaria den José Luis Ibarzabalek euskerazko
antzerkiarekiko diskriminazio positiboa bi zutabetan oinarritzen
dela erantzun zuen: alde batetik diru laguntza eskatzen duten ekoizketa
proiektuen puntuazioan %10arekin baloratuz, eta bestetik, euskarazko
bertsioaren ekoizketa aurreikusten duten aukeratutako proiektu guztien
artean 10 milioi banatuz.
Diglosiak dakartzan arazoekin jarraituz, Bernuések antzezle
zein zuendari euskaldunak hezi ez izana salatu zuen eta administrazioek
itzulpen lanean parte hartzea eskatu zuen, batez ere euskeraren
batasuna helburu.
Militantzia hitza euskal dantza tradizionalari lotuta agertu zen
baita ere, folklorea Jon Maya dantzariaren esanetan maila
guztietan arratsaldeko zortzietatik aurrerako gauza delako.
Josu Monterok Euskal Herrian dantza hezkuntzaren normalizazio falta
ere namarmendu zuen. Euskal Herrian eskaintzen diren tituluak gure
lurraldean soilik balio izateak gogorarazi zuen, dantza munduan
ari direnak gutxi direla eta baztertuta daudela esanez.
Orohar, instituzio publikoetako ordezkariz osatutako partaideen
aurrean, Carlos Gilek Antzerki Institutu Nazional edota Zentru Dramatiko-Koreografikoaren
sorrerak ekimen pribatua bultzatuko lukeen tren makina beharrezkoa
dela esan zuen. Lide Aranak, bestalde, euskal antzez arteen plan
estrategikoaren beharra azpimarratu zuen, zeinean dantza eta antzerkia
helburu berdinen aldeko borroka egin dezaketen.
|