Revista Artez
Portal Artezblai
Libreria Yorik
Revista de las Artes Escénicas
Artez 57. Enero de 2002
Hoy es
 
  • Teatro
  • Música
  • Danza
  • Audiovisuales
  • Zona Abierta
  •  
     
  • Agenda
  •  
     
  • Conócenos
  • Suscríbete
  • Contacta
  •  
     
  • Buscador
  • Números anteriores
  • Directorio
  •  
    abal gunea
    ona Abierta

    Ingmar Bergmanen haurdunaldi berria

    Ingmar Bergmanek ’Anna’ telefilmea grabatuko du aurten. 1973-ko ’Senar-emazte bikote baten memoriak’ (’Scener ur ett äktenskap’) obra hartzen du abiapuntutzat, telefilme berria aurrekoaren jarraipena izan gabe. Zinemagile eta antzerki-zuzendari suediarrak hamaika bider iragarri du bere erretiratzea; hala ere, behin eta berriro agertu da proiektu berri bat gauzatzeko. ”Nik berez zuzendaritza lana utzi egin dut, baina 50 agur-antzezpen ematen dituzten aktoreak bezalakoa naiz”, esan du Bergmanek.

    Eduardo L. de Luzuriaga

    Halako batean obra batekin haurdun nengoela nabaritu nuen. Sinpleki haurdun nengoen”, horrela azaltzen du Ingmar Bergmanek Anna obraren sorrera. “Oso dibertigarria eta bide batez harrigarria izan zen sentimendu hori berriro sumatzea”, zehazten du.
    Indar lehergarria duen material konplexu bezala deskribatzen du Bergmanek bere produkzio berria. Senar-emazte bikote baten memoriak filmeko emaztea, Marianne, Johan bere senarraren bila dabil 30 urte beranduago, “baina ez da obra horren jarraipena” azpimarratzen du zuzendari suediarrak behin eta berriro.

    Sinopsi fidelarena

    Kazetariok bere azalpenak desitxuratu ez ditzagun Bergmanek obraren ondorengo laburpena idatzi du: “30 urtez isilean egon eta gero, Marianne Johanen bila dabil. Berak nahi izan gabe, nahastuta ikusten du bere burua Johan eta Henriken (Marianneren aurreko amodiozko harreman baten semea) arteko borrokan. Liskarraren zioa Karin da, Henriken alaba. Anna, Henriken emaztea eta Karinen ama, bi urte lehenago hil zen; baina, hala ere, paper erabakigarria eta ikustezina dauka. Drama hamar elkarrizketetan banatuta dago eta egoera zail baten analisia izan nahi du”.
    Liv Ullman eta Erland Josephson aktoreak izango dira Marianne eta Johan pertsonaiak berriro antzeztuko dituztenak. Liv Ullman aktorea, gainera, ordezko zuzendaria izango da. “Arrazoi bategatik edo besteagatik zuzentzeko gai ez banaiz -irailean martxan jarriko garenean 84 urte izango ditut eta zerbait gerta dakidake- Liv daukat gogoan lana amaitzeko”.
    Senar-emazte bikote baten memoriak jatorriz sei kapitulutako telefilmea izan zen, gero pelikula bezala moldatua. Balio artistikoa ezezik, filmeak onura soziala ere badauka. Telebista saila erdi-goi klaseko bikote bati buruzkoa da. Hasiera batean arazorik gabeko harremana badirudi ere, laster ikusten da bikotea istiluz istilu dabilela eguneroko ohikeriaz eta maitasun gabeziaz jota.
    Ikusitakoaren eraginez bikote ugarik senar-emazteentzako aholkularitza bila jo zuen, askok Ingmar Bergmanengana. “Telefono zenbakia aldatzera behartuta ikusi nuen nire burua. Bikote-kontseilari bezala ari nintzen. Hasierako 30 hizketaldiak interesgarriak izan ziren, baina azkenean telefonoa aldatu behar izan nuen” dio Bergmanek berak.

    Bigarren iritzia

    Ingmar Bergmanek Anna idazteko beharra zeukan, baina hasiera batean ez zekien antzerki, zinema, telefilm edo irrati obra bat izan behar zuen. Maiz egin duen bezala, bere lagun Erland Josephsoni testua irakurtzen utzi zion eta bion artean telefilmea izan behar zuela erabaki zuten.
    Hala ere, erabilitako teknologiari esker, erraz bihur daiteke zinemarako pelikula. “Oso interesgarria da. Sony konpainiak eskaini dizkigun eta oraindik esistitzen ez diren kamerek miresgarriak dirudite. Bideoz grabatutakoa 24 milimetrotako pelikula egiteko arazorik ez dago. Inolako desberdintasunik gabe”.
    Hauxe da Ingmar Bergmanek zine berriro egiteko aukera bakarra, Fårö-n bizi den zuzendaria ziur baitago ez duela beste pelikularik filmatuko. “Alde handia dago zine eta telebistaren artean. Zinea askoz ere neurosi-eragilea da” aipatzen du Bergmanek zine gehiago ez egiteko arrazoitzat.

    pagina principal

    Teatro | Música | Danza | Audiovisuales | Zona Abierta | Agenda
    Conócenos | Suscríbete | Contacta | Buscador | Números Anteriores

    © elorrio artez blai kultur elkartea,2001
    artez@artezblai.com
    C/ Elizburu, 3 - 48.230 - Elorrio - Bizkaia tlf: (+34) 946 583 082 fax: (+34) 946 231 886