|
|
abal
gunea
|
ona
Abierta
|
Paperezko
fantasiak
Paperezko
panpinak, garraiabideak, soldadutxoak, dioramak, eraikuntzak eta
abar ikusgai daude Gasteizko Udalak Montehermoso Kultur Gunean urtarrilaren
13ra arte antolatu duen ebakigarrien erakusketa bitxian. Jokoaren
esentzia igortzearen xedearekin adin guztietako jendearentzako mostra
egiten ahalegindu dira, alde batetik, garai batean jostailu eta
denbora pasa gisa erabili zutenentzat eta bestetik ezezagun zaien
gaurko gaztetxoei zuzenduta.
Eustaquio Castellano
Bertan ikus daitezkeen ebakigarriak Eustaquio Castellano eta Luis
Carretero Fundazioak Terueleko Albarracín Museoan duen bildumetatik
jasotakoak dira, gehienak 30, 40, 50 eta batez ere 70. hamarkadakoak
izanik. Alabaina, historikoki, Europan XVII. mende bukaeran jada
hasi ziren aurreneko ebakigarriak egiten XVIII. mendean berrikuntza
gehieneko momentura helduaz, hain zuzen, 1796an Frantzian, Epinal
herrian zabaldu zuten ordura arteko inprimategi garrantzitsuena
Jean-Charles Pellerinen eskutik.
Gai belikoa jorratzen duten piezak aurkitzen dira ebakigarrien oinarrian,
soldaduak erreklutatzeaz arduratzen ziren sarjentuek beraien diskurtsua
indartzeko lamina militarrak erabiltzen baitzituzten. Halaber pixkanaka
pixkanaka joku kutsua hartu zuten.
Orohar ebakigarriak jolas sinboliko bezala gogoan har daitezke,
hots, bizitza errealeko akzio eta jarrerak imitatzen baitituzte.
Ildo honetatik abiatuz mostran paperezko mariquita edo
panpin famatuen kasuan, etxeko andrearen rolak nola erakusten zitzaien
ikus daiteke, eta antzerako zerbait gertatzen zen soldadutxoekin.
Era berean, ebakigarriak garai bateko une edo gertakari garrantzitsuen
sustapenean erabili izan dira, oraingoan Shirley Temple edo Charloti
eskainitako ebakigarri bilduma ikusgai dago, garraiabideak atalean
bestalde, itsasontzi, auto zein tren famatuei buruz egindako erreplikak
ere ageri dira. Bestalde azpimarragarriak dira Polichinelak. Lauak
izanik, ebakigarria zati ezberdinez osatuta dago eta soka bati tira
eginez sinkronikoki mugitzen dira.
Garapena
Ebakigarri lauetatik hiru dimentsioetan diseinatuak daudenetara
ematen den garapena antzeman daiteke erakusketan, garraiabide eta
eraikuntzen kasuak izanik aipagarrienak. Dena dela, diorama eta
miniaturazko antzokiak ere barneratu beharko genituzke sail honetan.
Nolabait, neska mutikoen joko soiletatik helduagoei zuzenduta dauden
argibide eta norberaren gaitasuna eskatzen duten ebakigarriak dira
hauek.
Diorama eta miniaturazko antzokiak XVIII. mendeaz geroztik agertzen
hasi ziren. Aurrenekoei dagokionez adibide garrantzitsuenetako bat
gabonetako jaiotzak ditugu. Dioramak eszena zehatza adierazten duen
mugikorrak ez diren elementuez osatuta dago. Antzerki txikiek aldiz,
taula gainean egitura estatikoa dute eta gehienetan eszenatoki barneko
objetuekin jolasteko aukera eskaintzen dute.
Ebakigarriak bere historian zehar izaera intelektualagodun gaietan
oso erabiliak izan dira, besteak beste, matematikan eskala txikiko
forma geometrikoa duten objetuak eraikitzeko edo erakusketa honen
ibilbidearen azken atalean ikusgai dagoen Valentziako Unibertsitatean
erabilitako pa-perezko eskeletoa eta gorputzeko atal ezberdinak
barneratzen dituen liburua.
Umeentzako tailerrak
Dibertsioz beteriko une bat igarotzeaz gain mostrak badu ere helburu
didaktikoa. Seitik hamabi urtera arteko neska mutilek beraien trebezia
eta irudimena indarrean jartzeko aukera izango dute Montehermoso
Kultur Guneanean bertan Ebakigarrien tailerrean. Bisita
gidatuak egiteko aldez aurretik 945 161830 telefonora deitu behar
da.
|