Revista Artez
Portal Artezblai
Libreria Yorik
Revista de las Artes Escénicas
Artez 58. Febrero de 2002
Hoy es
 
  • Teatro
  • Música
  • Danza
  • Audiovisuales
  • Zona Abierta
  •  
     
  • Agenda
  •  
     
  • Conócenos
  • Suscríbete
  • Contacta
  •  
     
  • Buscador
  • Números anteriores
  • Directorio
  •  
    abal gunea
    ona Abierta

    “Guztiz pertsonalizatutako arreta
    jasotzen dute gure ikasleek”

    Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako Legeak (LOGSEk) ekarritako erreformak eragin zuzena izan du musika heziketan, orain arteko kontserbatorioak maila ertainekoak bilakatu baitira eta goi-mailako ikasketak burutzeko egitura eta egitarau zehatza duen zentru berria ireki du Donostian Eusko Jaurlaritzak. Miramar jauregian behin-behinekoz kokatu den ikastegiak, eskainitako 120 plazatatik 54 bete ditu 2001-2002 lehen ikasturterako. Bost esparrutan banatutako 19 espezialitateak irakaskuntzan esperientzia izateaz gain jardunean dauden 57 musikarik irakatsiko dituzte, ikastegiaren zuzendaria Alejandro Zabala delarik.

    Joseba Gorostiza

    Fundazioaren bitartez kudeatuko da Euskal Herriko Goi-mailako Musika Ikastegia. Zergatik akeratu da formula hori?
    Erabaki politikoa izan da eta ez dakit zergaitik aukeratu den sistema hori. Baina pertsonalki oso irtenbide interesgarria dela uste dut. Beste modu baten jardun bagina, ez genuen eskola hori izango, hiru hilabetetan hasteko ez zegoelako beste aukerarik.

    Beraz ekainean hasi zen gauzatzen hasi berri den Goi-mailako Musika Ikastegia.

    Nik uste dut Eusko Jaurlaritzaren hasierako asmoa, goi-mailako musikariei bekak eman eta atzerrira bidaltzea zela ikasketak burutzeko. Baina, erabaki hori hartu beharrean, Hezkuntza sailetik formula aldatzea eta zentro berria egitea erabaki zuten. Ekainean sortutako erakundeari nolabaiteko izaera juridikoa eman behar zitzaion eta Fundazio pribatua eratzea erabaki zuten. Ondoren koordinadorea izendatu zen eta ekainaren bukaeran zuzendari izendatu ninduten.

    Fundazio horretan euskal orkestrak, kontserbatorioak eta beste zenbait erakunde biltzen dira. Ikaslegoari irtenbideak bilatzeko eta praktikak egiten laguntzeko asmoarekin?

    Nola ez! Horretan ari gara; ‘zubiak’ eraikitzen eta musika egiten duten erakunde guztiekin harremanak izan behar ditugu. Hasi dugun ikasturte hau lehen kurtsoa da eta ‘zubi’ batzuk eginda daude. Adibidez, zuzendaritza ikasketetan matrikulatutakoak, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin praktikak egiteko aukera izango dute. Hori horrela izatea, guretzat, lujoa da. Euskadiko Orkestra ez balego, geuk sortu beharko genuke beste orkestraren bat etorkizuneko musikariei praktikak egiteko posibilitatea emateko; hori argi dago.

    Orain arte izan diren Goi-mailako kontserbatorioak, maila ertainekoak bilakatuko dira?

    Aldaketa hori hemendik bi edo hiru urtera gauzatuko da. LOGSE legearen aplikazioak ekarri dituen berrikuntzak 1966ko musika hezkuntza sistema kitatuko dute, nahiz eta oraindik bi urte gelditzen diren lege zaharra guztiz baztertzeko, alegia sistema zaharrean ikasten ari diren musikariek euren ikasketak burutu arte. LOGSE-k argi uzten zuen komenigarria zela Goi-mailako ikastegia eta ohiko kontserbatorioak fisikoki urruntzea eta irakasle klaustro eta heziketa sistema propioak izatea.

    Unibertsitate titulua lortuko dute ikasketak gainditzen dituzten ikasleek?

    Oraindik ez dago oso garbi zer nolako titulua eskuratuko duten ikasketak burutzen dituzteen. Ikasleek, agian, Unibertsitateko lizentziatu titulua ez dute eskuratuko baina horrekin parekotasuna izango duen titulua eskuratuko dute.

    Zenbat ikasturtetan banatzen dira ikasketak?
    Musika Hizkuntzaren eta Hezkuntzaren Pedagogia eta Instrumentuaren Pedagogia, espezialitateak lau ikasturtetan banatzen dira. Iraupen berdina izango dute espezialitate bokalak eta instrumentalak, hau da, kantua, klarinetea, kontrabajua, zeharkako txirula, gitarra, oboe, perkusioa, pianoa, saxofoia, tronpa, tronpeta, biola, biolina eta biolontxeloa ikasketak aukeratzen dituztenak. Konposizio eta koru edo orkestra zuzendaritza, bost urtetan bukatzen dira. Behar bada post- grado edo doktoratu bezelako beste bi kurtso jarriko ditugu datozen urtetan.

    Musikariak trebatzeaz gain, musikarekin lotutako pedagogia ikasketak ere tartekatzen dira. Zein asmorekin?

    Gure ikasketa egitarauan, LOGSE-k ere kontutan duen beste ardatz garrantzitsua azaltzen da. Lehen aldiz instrumentuaren pedagogia erakusteko asmoa agertzen da lege horretan eta, beraz, instrumentistak izanez gain pedagogoak ere izan daitezke. Hau da, instrumentujoleak izateaz gain instrumentu horren irakasleak izan daitezkeela. Pedagogia aukeratzeak ez du esan nahi, inolaz ere, musikariaren maila teknikoa murritzagoa izango denik, baizik eta irakasteko gaitasuna ere eskuratu duela. Teknikoki berdin eskatu behar zaie pianoa irakatsi behar duenari eta instrumentista izan nahi duenari. Musika Hizkuntzaren eta Hezkuntzaren Pedagogia edo Instrumentuaren Pedagogia espezialitateak aukeratu eta gainditu dutenek, musika eskola edo kontserbatorioetako irakasleak izateko gaitasuna dutela azaltzen du. Etorkizuneko musika irakasleek espezialitate horrek burututakoak izango dira.

    Ikasketa egitarua prestatzerakoan ikasgai ezberdinak elkarrekin uztartzea pentsatu da?

    Ikasgai bakoitzak bere kurrikula du baina denak elkarrekin lotuta daude. Espezialitate bakoitzak bere enborra du, hau da ikasgai tronkalak. Hala ere ikasle guztiak jorratzen dituzte ikasgai osagarriak.

    Lehen ikasturte honetan ez dira tartekatu txistua, trikitixa edo euskal musika-tresnen ikasketak. Ikasgai arautuak bezala irakasteko amorik ba al dago datozen urteetan?

    Bai eta LOGSE-k aurreikusten du musika tradizionalaren espezialitate hori. Lanean ari gara eta nahiz eta aldez aurretik oso konplikatua dela jakin, datorren urtetik aurrera musika tresna tradizionalak deritzon espezialitatea eskaintzeko asmoa dugu. Beraz, trikitixa, txistua, alboka eta txalapartak araututako ikasketak izango dituzte 2002-2003 ikastutetik aurrera. Datozen kurtsoetan jorratuko diren arloak ez dira mugatuko bertako musika-tresnei, zeren datorren ikasturtetik aurrera jazz musika ere landuko duten ikasgaiak tartekatuko dira.

    Aurten 57 irakasle daude 54 ikasleentzat, suposa daiteke heziketa gertu-gertukoa eta ezin hobea izango dela.

    Ezin dezakegu ahaztu guztira 90 ikasgai ematen direla, LOGSEk ezarritako karga lektiboa izugarrizkoa delako. Horregatik dira beharrezkoak horrenbeste irakasle. Gainera, ezin dugu ahaztu ikasleekiko arreta guztiz pertsonalizatutakoa dela eta ikasle bakoitzak bere tutorea izango duela.

    Zergatik da horren murritza onartutako ikasle kopurua, eskainitako 120 plazatik 54 besterik ez baitira bete?

    Ikasleak Ikastegira heltzeko probak egiterakon, ez jakintasun handia zegoen, esaterako, zertarako ziren proba horiek eta nortzuk izango ziren ikastegiko irakasleak. Baina hori ez zen gure errua izan. Beste deialdi bat egiteko asmoa bagenuen ere legeak ez du posibilitate hori aurreikusten. Nahiz eta eskainitako plaza guztiak bete, kontutan izan behar da irakasle bakoitzeko ikasle kopurua, ratioa alegia, oso txikia dela. Esaterako, piano ikasle batek piano irakasle bakarra behar du berarentzat eta gehienengoz hiru ikasle ditu irakasle bakoitzak.

    Nola eta noiz burutu zen irakasle aukeraketa prozesua? Zein irizpiderekin egin zen aukeraketa?
    Goi-Mailako Musika Ikastegiko talde zuzendariak jarritako irizpideei jarraituz egin zen aukeraketa. Bi ikuspegitik begiratuta egin zen aukeraketa. Alde batetik, bere espezialitatean bikaintasuna erakustsi duten profesionalak eta, beste alde batetik, aktiboan dauden musikariak aukeratzea erabaki zen. Eta hori hasieratik onartu zen. Gurea, zentru pribatua da eta horrek baditu hainbat abantaila. Zentru publiko baterako konbokatoriaren iragarkiak argitaratu, oposaketak egin eta martxan jarri arte, bi urte iraun zitekeen. Hala ere, aukeraketa kriterio zehatzekin egin da eta inork ez du zalantzan jarri erabilitako sistema, ezta aukeratutako irakaslegoaren maila edo kalitatea. Uste dut, gure eskura zeunden espezialista bikainenak aukeratu ditugula. Irakasle guztiak urte beteko kontratua dute eta datorren ikasturtean gurekin egotea nahiko lukeen irakasleentzat ‘curriculum’ak bidaltzeko epea irekiko diegu otsailetik aurrera.

    Irakasle gehienok irakaskuntza eta zuzeneko agerraldiak tartekatzen dituzue. Agian eskuratuko esperientzia ikasleei 'irakasteko' asmoarekin?
    Ezin da ukatu ikaslearentzat aberasgarria dela irakasleak duen esperientzia artistikoa. Hala ere, beste zerbait garrantzitsuagoa jarriko nuke horren aurretik: alegia, irakasleak egunero hainbat ordu ematen dituela kontzertuak prestatzen eta ikasten jarraitu behar duela kontzertu horiek emateko. Gainera irakaslea toki batetik bestera dabilenean ikusi egiten du nonbaiten musikari bat edo beste behar dutela edo, adibidez, orkestra batek tuttistak behar dituela eta horren bitartez ikasleak ‘merkatuan’ sartzeko eta lehen esperientzia profesionala eskuratzeko aukera izango dute. Adibidez, pentsa zer nolako poztasuna izango den ikaslearentzat mundu osoko eszenarioetan dabilen musikaria irakasle izatea. Hori gertatzen da, esaterako, gure irakaslea den Asier Poloren ikasleekin, beraiek badakitela klasea ematen etortzen denean, forma ezin hobean eta bizitasun osoz etorriko dela.

    Eztabaida ugari izan da Bizkaian zehar ikastegiaren kokagunea Bilbon egon behar zuelako. Zergatik erabaki da Donostian jartzea?

    Ikastegia Donostian kokatuko zela esan zutenean, nik eta beste askok, Donostiako Kontserbatorioa izango zela hautatua uste genuen. Ustezko horrek eragin zuen haserrea Bilbo aldean, baina hori ez da horrela izan eta Jaurlaritzak beste zentru berria eraikitzea erabaki du.

    Onartutako ikaslegoaren %45a bizkaitarra izanik eta gipuzkoarren kopurua %18a besterik ez, bidezkoa zirudien bizkaitarren eskakizuna.

    Bizkaiak biztanle gehiago izanik, ez da harritzekoa ikasle eta irakasle gehiago izatea Goi-mailako Ikastegian; hori aldez aurretik genekien. Baina azken erabakia politikoak hartu zuten eta orain ez dago hori aldatzerik. Hemendik aurrera, elkarrekin lan egin behar dugu Ikastegia aurrera eramateko eta kritikak alde batera utzi. Bertan dauden bizkaitarrekin sarritan hitzegiten dut eta Donostian oso gustora daudela esaten didate.

    Lehen ikasturtea Donostiako Miramar Jauregian hasi bada, behin-betiko Goi-Mailako Ikastegia Ibaetan kokatuko da. Noiz bukatuko dira eraikin berriaren lanak?

    Behin betiko kokagunea Donostiako Ibaeta kanpusean izango du ikastegiak eta dagoeneko, eraikina kokatuko den gunean lur-mugitze lanak hasiak dira. Hala ere, sarritan atzeratzen badira horrelako azpiegituren lanak, 2005-2006 ikasturtea bertan hastea espero dut. Gu ikasle ginenean amesten genuen ikastegia, datozen urteetan etorriko diren ikasleek erabili ahal izango dute.

    Ikastegiaren helburu nagusia "musika profesionalak sortzea" dela esan duzu. Zer nolako balorazioa egiten duzu etorri diren ikaslei buruz?
    Goizegi da balorazioak egiteko eta, horrelakoak egiteko, denborak emango digu aukera. Batzutan, etortzen diren ikasle berriak, itxuran, ez direla beste munduko musikariak aurreikusten da. Lan egiteko gogo izugarria erakusten dute eta hiru hilabeteko epean egiten duten aldaketa harrigarria da. Irakasle gehienak gustora daude ikasleekin, nahiz eta ohartu batzuk berde-samar daudela goi mailara iristeko. Denetarik dago. Jenioak bere kasara moldatzen dira eta gure egin beharra etorkizuneko profesionalak trebatzea datza.

    Euskal Herriko orkestrak, egun, atzerritik etorritako musikari ugarirekin osatzen dira. Ikastegi berriak egoera horri buelta eman ahal izango dio?
    Gure lehen helburua ez da egoera horri buelta ematea baizik eta profesional bikainak sortzea. Ikasleak orkestretara sartzeko asmoa agertzen badute, gure erronka oposizioak gainditzeko gai bilakatzea da. Horren ondorioz, orkestraren ‘aurpegia’ aldatzen bada, hori beste kontu bat da. Behar bada euskal musikariek nahiago izango dute, adibidez, Estatu Batuetan, Frantzian edo kontzertu-emale gisa aritzea. Gure helburu nagusia musikariak beharrezko prestakuntzan trabatzea da, musika ogibide bilakatzeko.

    Hezkuntza sistema barria izanik, eredu bera ezarri da gainontzeko Erkidego Autonomoetan?

    LOGSEren aplikazioa 2001-2002 ikasturtearekin hasten da. Madrilen, adibidez, orain arte zegon kontserbatorioa goi-mailakoa bilakatu dute. Bartzelonan, ordea, guk aukeratu dugun antzeko irtenbidea hartu dute, Goi-Maialko Ikastegi berria eginez. Egia esan, eurek aukeratutako sistemaren antzerakoa aukeratu dugu guk ere katalanak hiru urtetan jardun baitiira euren sistema diseinatzen.

    pagina principal

    Teatro | Música | Danza | Audiovisuales | Zona Abierta | Agenda
    Conócenos | Suscríbete | Contacta | Buscador | Números Anteriores

    © elorrio artez blai kultur elkartea,2001
    artez@artezblai.com
    C/ Elizburu, 3 - 48.230 - Elorrio - Bizkaia tlf: (+34) 946 583 082 fax: (+34) 946 231 886