Revista Artez
Portal Artezblai
Libreria Yorik
Revista de las Artes Escénicas
Artez 59. Marzo de 2002
Hoy es
 
  • Teatro
  • Música
  • Danza
  • Audiovisuales
  • Zona Abierta
  •  
     
  • Agenda
  •  
     
  • Conócenos
  • Suscríbete
  • Contacta
  •  
     
  • Buscador
  • Números anteriores
  • Directorio
  •  
    ntzerkia
    tetro

    Munduko Antzerki Egunerako
    mezu internazionala

     

    Natyasastra da munduko lehen antzerki tratatuetako bat. Sorburua, gutxien gutxienik, K.a. hirugarren mende inguruan duela uste da. Antzerkiaren jaiotza kontatzen du bere lehen atalean.
    Mundua, nahasmen eta zirimola moraletan hondoratuta zegoen garai hartan. Jendea pasio irrazionalen menera makurtuta bizi zen. Bizibide berriak behar ziren aurkitu (“begi-belarrien gozagarri, baina baita onbiderako eredu ere”), gizatasunaren eraikitzaile. Honenbestez, Brahmak, Sortzaileak, lau Veda (testu sakratuak) haietako osagaiak nahastuz, bosgarren testu sakratu bat sortu zuen: Antzezpenaren Veda. Baina jainkoak antzezpenaren diziplinarako gauza ez direnez, Veda berri hau, gizaki baten eskuetan, Bharataren eskuetan uztea deliberatu zuten. Bharatak, bere ehun seme-alaben laguntzarekin eta Brhamak bidalitako zenbait dantzari zerutiarrekin, lehen antzezpena taularatu zuen. Jainkoek, gogo biziz lagundu zuten arte berri honen aukerak eta adierazkortasuna areagotzen.
    Bharatak aurkeztu zuen antzezpenak, errotik heltzen zion jainko eta deabruen arteko gatazkaren historiari, bai eta jainkoen azken garaipena ospatzen ere. Muntaia, jainkoen nahiz gizon emakumeen gustuko izan zen oso. Baina ikusleen artean zeuden deabruak ere, eta hauek erabat irainduta sentitu ziren. Honenbestez, haien naturaz gaindiko boterea erabiliz, antzezpena eten egin zuten deabruek, antzezleen mintzaldia, mugimenduak eta memoria izoztuz. Hau guztiau ikustean, jainkoek deabruei eraso egin eta haietako asko hil egin zituzten.
    Kaosa zen nagusi, Brahma, Sortzailea, deabruengana hurreratu eta haiei mintzatu zitzaienean. Antzerkia -azaldu zien- hiru munduen egoeraren adierazpena da. Bere baitan hartzen ditu bizitzako xede etikoak –izpirituala, sekularra eta sentsuala– bere poz eta oinazeekin. Ez dago jakituriarik, ez arterik, ez emoziorik, bere baitan aurki ezin daitekeenik. Honen ostean, Brahmak, antzezpenarekin jarraitzeko eskatu zion Bharatari. Ez zaigu jakinarazi bigarren antzezpen hau arrakastatsua izan zenentz.
    Pasarte honi buruzko iruzkinak egin izan dituzten jakintsuek, ziurtzat jotzen dute mitoak deabruak kondenatzen dituela. Haien jokaerak frogatu bide zuen ez zutela teatroaren benetako xedea ulertu. Brahmaren antzerkiari buruzko berbaldia, honenbestez, mitoaren esentzia bihurtu da.
    Hau ordea, ene uste apalean, mitoa erabat gaizki ulertzea da. Hasteko, deabruek (jainkoek ez bezala) inolako bortxa fisikorik ez baliatu izanak –aktoreen “mintzaldia, mugimenduak eta memoria” soilik erasotu zituzten– argi uzten baitu antzezpenaren xehetasunik sakonenak ezin hobeto berenganatu zituztela.
    Are gehiago: gurtua izan den testu baten aurrean gaude, antzezpenak sortzeko teknika eta arteari buruzko argibideak emateko idatzia, zer-eta, gizadiaren historiako lehen antzezpenaren berri kontatzen diguna.
    Sortzaileak berak, beste jainkoen laguntzaz, eta horretarako espreski prestatuko aktore eta ninfekin batera, antzerkian parte hartu zuen. Emaitzak, osoko arrakasta beharko zukeen izan.
    Eta hala ere, deskalabrua handia izan zela esan zaigu.
    Izan ere, bada hor jakintsuek –horrek lotsarazten dituelako, akaso– arretarik jarri nahi izan ez dioten aitormen erran gabeko bat. Egiazki, Indiako estetika berantiarragoen inguruko supostuetatik gertuago geundeke, zeintzuek baieztatzen duten, antzerkiaren asmo nagusia ikuslegoa kanpo mundutik erauzi eta gozamen egoera konpartitu batera erakarri eta irristaraztea dela.
    Iruditzen zait, mitoak, Brahmaren hitz lasaigarriek nekez onartuko luketen antzerkiaren ezaugarri funtsezko bat seinalatu nahi duela: alegia, antzezpen bakoitzak, -ahalik eta konturik handienarekin sortua izan arren- bere baitan duela porrotaren, etenaldiaren arriskua, eta beraz, baita bortxarena ere. Zuzeneko antzezpen batek eskatzen duen gutxiengoa hauxe besterik ez da: beste norbait den itxurak egiten dituen gizon edo emakume bat, eta hari begira dagoen beste bat; nahikoa horrekin, sosegu ezaz gainezka dagoen egoera bat sortzeko.
    Munduak ez du sekula gaur adina osagai dramatiko izan. Irratia, filmak, telebista eta bideoak antzezpenez gainezka daude. Baina bide horietatik jasotako errepresentazioek ikus-entzulegoarengan engaiamendu nahiz sumindura sentipenak piztu baditzakete ere, haietako ezeinetan ere ez da ikuslegoaren erantzunaren arabera ekintza artistikoa mudatzen. Lehen Antzezlanaren Mitoak gogorazten digu, teatroan, antzerki-idazleak, antzezleek eta ikuslegoak batasun bat osatzen dutela, batasun hau, beti ere, aldakorra, eta honenbestez lehergarria ere badelarik.
    Horregatik, antzerkiak bere heriotza sententzia sinatu besterik ez du egiten gehiegizko ziurtasunaren alde apustu egiten duenean. Bestalde ordea, etorkizuna sarritan latz agertu arren, arrazoi horrexegatik berberagatik jarraituko dute bizirik, nola antzerkiak, hala bere probokatzeko ahalmenak.

    Girish Karnad (Itzulpena: Harkaitz Cano)

    pagina principal

    Teatro | Música | Danza | Audiovisuales | Zona Abierta | Agenda
    Conócenos | Suscríbete | Contacta | Buscador | Números Anteriores

    © elorrio artez blai kultur elkartea,2001
    artez@artezblai.com
    C/ Elizburu, 3 - 48.230 - Elorrio - Bizkaia tlf: (+34) 946 583 082 fax: (+34) 946 231 886