|
|
usika
|
Indiako
exotismoaren lilura
Indiako
doinu eta erritmo esotikoak nagusituko dira apirilan Donostian,
Madhavi Mudgalek herrialde hartako dantzak eskainiko baititu eta
Britainia Handian jaiotako Susheela Ramanek Indiako Hegoaldean kokagunea
duen tamilen kultura, jazza eta soularekin nahasten ditu. Saio biak
Gazteszenan izango dira, Mudgalena 4an eta Ramanena 26an.
Susheela Raman abeslariak erritmo etno-popean oinarritzen ditu bere
doinuak giro magikoa sortuz agerraldietan. Argitaratutako Salt Rain
lehen diskoa, xarmaz eta liluraz gainezka dator: mendebaldeko soinuak,
Afrikako erritmoak eta India hegoaldeko musika iradokitzen ditu.
Susheelak bikain islatzen du abeslariaren ahots zoli eta sentsuala,
espiritu irekia, talentu berritzailea eta segurtasun harrigarria.
Susheelaren lehen musika hezkuntza bere arbasoen tradiziozko musikan
oinarritu zen, nahiz eta Ingalaterratik Australiara joan familia.
Nerabezaroan bestelako ahots teknika eskatzen zion bluesa eta beste
musika mota batzuek erakarri zuten eta orduan hasi zen bi abesti
moduak nola konbinatu pentsatzen.
Jatorriaren bila
1995ean Indiara joan zen bi urterako bertako abeslari hoberenetako
batekin, Shruti Sadolikarrekin ikasketak egitera. Britainia Handira
itzuli ondoren, Sam Mills gitarrajole eta ekoizlearekin egin zuen
topo eta lau urteko elkarlanaren emaitza da Salt Rain diskoa.
Lan horretan biltzen dira, alde batetik, soularen eta jazzaren eragina
duten hainbat pieza eta, bestetik, Susheelak haurra zela kantatzen
zituen zenbait karnat abestiren moldaketak. Azken horren artean,
XVIII. mendeko Tyagaraja eta Dikshitar maisu handien konposizioak.
Woman abestia, esate baterako, Kali jainkosari eskainia dago, emakumezkoen
aginpidearen arketipoari, hain zuzen, eta Ganapati izenburukoak,
aldiz, Ganesh elefante buruko jainkoa agurtzen du, oso ezaguna eta
maitatua hinduen artean, suerte ona dakarrela uste baita. Diskoan,
Londresen eta Parisen bizi diren hainbat musikarik hartzen dute
parte, baina oso jatorri desberdinak dituzte: Ginea Bissau, Kamerun,
India, Errumania, Frantzia, Grezia, Egipto, Kenia eta Estatu Batuak.
Gorputz harmonia
Madhavi Mudgal dantzariak burutuko duen saioan, bestalde, espirutualtasuna
eta sentsualtasuna nagusituko dira, beste arte klasiko batzuen antzera.
Mugimenduaz baliaturik, dantzariek errealitate goitarragoa bilatzen
dute, diziplinaren, harmoniaren eta gorputz-gogoen edertasunaren
bitartez.
Indiako dantza klasikoaren aldaera bat da Medgalek jorratzen duen
Odissi estiloa: alaia eta espirituala, poesia adierazten saiatzen
da aurpegiko keinuen eta esku-mintzairaren bitartez. Horren eredu
izango dira saioan eskainiko dituen Manglacharan, Pallavi, Yahi
Madhava, Siva Tandava Stotra, Jagannthashtakan eta Moksha
Odissi teknika gorputzaren bi posiziotatik abiaturik eraikitzen
da: Unibertsoko jaun den Jainkoa irudikatzen duen chowk edo laukia,
eta Energoa Abolutua irudikatzen duen tribhanga edo hirukia. Dantza
estilo honen barruan bi mota bereizten dira: nritta edo erritmo
mugimendu soilez osatua eta jainkoen eta gizakien istorioak kontatzen
dituen nritya dantza adierazkorra.
Mudgalekin batera, zenbait musikari izango dira eszenarioan. Pakhawaj
deituriko tresna jotzen duen Gandhi Malik, Manikuntala Bhowmik,
ahotsa eta manjirajolea, Purna Chandra Majhi, ahotsa eta harmoniumajolea,
Sunil Kant Saxena, sitarjolea eta Kiran Kumar, xirulajolea.
|