|
|
usika
|
Sorkuntza
erakusleihoa Errobi ertzean
Pesta
eta sua lelopean burutuko da Itsasu eta Baigorrin Errobiko Festibalaren
VII. ekitaldia eta aurrenekoetan izan den bezala sorkuntza bultzatzeaz
gain joera ezberdineko musika, dantza, poesia, herri ohiturak, kantua
eta Arte plastikoak bere baitan bilduko ditu. Aurten izango diren
artistak Afrikako Benin eta Kongotik, Europako Armenia, Frantzia,
Bretainia, Gaskonia, Ipar eta Hego Euskal Herritik zein Amerikatik
etorritakoak izango dira protagonistak eta euren ekitaldiak Terre
DOmbres (Gerizpeetako Lurraldea) taldeak prestatutako erakusketa
artistikoaren inguruan izango dira.
Iragarritako ekitaldiak Baigorrin abiatuko dira 18an eta arratsaldeko
bostetatik aurrera Pierre Visler musikariak sortutako doinuak Claude
Tchamitchian eta Gagik Mouradian bikote armeniarrarekin batera igoko
dira eszenariora. Gauean, Lurra eta haizearen kantuak izenburupeko
ekimena taularatuko da eta Argitxu Esain eta Gaëlle Larroude
kantarien agurraren ondoren, Beñat Amorena. Beñat
Achiary, Mixel Etxekopar eta Jean Schwartz musikariek sortutako
Gorets taldearen ekitaldia izango da. Jarraian Josean Artzek txalapartarekin
lagundutako hitz poetikoak izango dira entzungai.
Jazza eta tradizioa
Lehen
eguneko ekitaldiak bukatzeko Beningo musika tradizionala eta jazza
uztartzen dituen Gangbe Brass Band taldearen saioa izango da. Zortzi
musikariz osatutako taldea Cotonou hirian sortu zen 1994an eta taldekideek
bikain uztartzen dituzte tradiziozko perkusioak eta haize musika-tresnak.
19an, Itsasun emakumeei eskainitako eguna izango da. Goizeko hamarretatik
aurrera Atharrin olerkiak eta sua uztartuko dituzte Bernard Manciet,
André Velter eta Josan Artzek eta arratsaldean, Elizaldian,
Mahmoud Darwich palestinar olerkariaren inguruan, Jesus Aured eskusoinulariak,
Mathieu Godeau antzerkilariak eta Noëlle Athane dantzariak
dantza eta musika sorkuntza saioa eskainiko dute. Ondoren, Kan Ha
Diskan taldeak Bretainiako dantza eta doinuak eskainiko ditu Ghislaine
Le Guillat eta Véronique Bourgeot kantariekin eta Ploërmel-eko
30 musikarirekin batera.
Eguneko azken aurreko ekitaldiak Atharriko gunean Linda Sharrok
estatubatuarrarekin bukatuko dira. Saio horretan jazz eta inprobisazio
lanak nagusituko dira izugarrizko ahotsa duen kantariaren ekitaldiarekin.
Amaiera, perkusioa, balafona, ahotsa eta dantza biltzen dituen Les
Monana taldearekin. Crysogone Diangouaya dantzari-koreografoak 1992an
Kongon sortu zuen taldea desegin ondoren, Errobiko Festibalerako
berriro elkartu dira.
Itsasuko Elizaldia eta Urzumu auzoetan burutuko dira 20ko saioak.
Goizean zehar San Fermin inguruko eztabaida, irudi, argazki, gaitero
eta joteroen saioekin. Inguruko bidexketatik izango den ibilaldian,
Harmonia Navarra taldearen saioa eta pelota norgehiagokoen ondoren,
Françoise Daugeyk Lur hats eta arno ibilaldi intimoa eskainiko
du.
Gau Alaiarekin bukatuko da aurtengo jaialdia eta bertan Claude Berthelemy
musikariaren inguruan sortu den Les Dimonjs taldea izango da protagonista,
etorkizunean Orchestre National de Jazz taldea sortzeko lehen urratsa
alegia. Serge Pey-rek makilekin egindako olerkien ondoren, Beñat
Amorenak gaita eta perkusioekin sortutako Jo Ta Kurriren egitasmoaren
aurkezpenak emango dio agurra 2002ko jaialdiari.
|