|
|
udiobisualak
|
Maitasun
bidegabea
TERMINALA
Aktoreak: MIGUEL ÁNGEL SOLA, BLANCA OTEIZA, RAMÓN
BAREA, MARIBI BILBAO, JOSE ANTONIO NIELFA LA OTXOA,
LOLI ASTOREKA, CHEMA SANDOVAL
Argazki zuzendaria: JESUS HARO
Musika: BINGEN MENDIZABAL
Jantziak: ESTIBALITZ MARKIEGI
Zuzendari laguntzailea: MANOLO CAÑIZARES
Zuzendaria, gidoilaria eta ekoizlea: AITZOL ARAMAIO
Ekoizle burua: MARIAN GONZALEZ |
Irune
Larruzea
Gustora
eginiko lanak ematen duen lasaitasunarekin Aitzol Aramaio, 35mm
burututako Terminala bere lehen laburmetraiaren inguruan mintzo
da. Lau errodai egunetatik hiru kalean eta gauez izan dira, errealizatzaile
ondarrutarraren hitzetan oso esperientzia aberasgarria baina
ikaragarrizko lanarekin. Aurreneko lana izanik dena ondo baino
hobeto lotuta izatearen beharra sentitu du, halaber, erabat txundituta
gelditu da hasiera hasieratik proiektuaren barne parte hartu dutenek
erakutsitako interesarekin, esfortsua borondatezkoa izan dela kontutan
hartuz.
Irudi eta Soinu ikasketak bukatu zituenetik zenbait bideoklip burutzeaz
gain telebistan aritu izan da hainbat programetan eta baita dokumentalak
eginez, hain zuzen, hilabete luzez Bosniako Gerlan inoiz errepikatuko
ez lukeen esperientzia bizi izan zuen ETB eta SOS Balcanesentzako
erreportai bat errodatzen.
Oraingoak barru barrutik, tripetatik idatziriko istorioa
dela aitortu du Aramaiok, bertan ageri diren elementu anitz bizitzaren
esperientzia zuzenetik, sentimenduetatik, jaso baititu.
Orain dela bi urte gidoia idazten hasi zen Roberto Mosoren La chica
de la terminal ipuina oinarrian hartuz. Garai hartan baita Bartzelonan
lagun batekin zegoela Manu Chao kalean ikusi zuten turistaz inguratuta;
halako batean mozkor bat esparrura urreratu eta dantzan hasi zen,
jendeak kentzeko eta kentzeko Manu Chao arlotearengana hurbildu
eta tu no tienes la culpa, mi amor, que el mundo sea tan feo...
abesten hasi zitzaion. Egitate hark eragin nabarmena izan zuen gidoia
egiterako orduan.
Euskal Gobernuak baiezkoa eman zion subentzio eskaerari eta hortik
aurrerakoa hutsetik hasita ahalik eta lan talde onena lortzeko ahaleginei
ekitea izan zen.
Ezustekoetako
bat Miguel Ángel Sola aktore argentinarrak laburmetraiean
parte hartzeko proposamenari baiezkoa ematea izan zen. Ondorioz,
Blanca Oteiza, bere emaztea, ere proiektuan sartu zen istorioko
pertsonai nagusienetako baten gisa. Egunero egunero autobusean gurutzatzen
diren Jose Mari, gidaria, eta Maite, heroinaren hatzaparretan murgilduta
dagoen neska gaztea interpretatzen dituzte.
Denboraren poderioz, maitasun istorio bitxia sortaraziko da bien
artean, jendearen begietara ez dirudien arren harremanik dagoenik
irrifar, konplizitatezko begirada eta laztan meheak nahikoak dira
ikusentzulea horretaz jabetzeko.
Oso errealitate ezberdinetatik datoz bai bata zein bestea, hain
zuzen ere unibertso kontrajarri edo alderatu hoiek aukeratutako
eszenen kokalekuaren arabera ere antzeman daitezke. Ingurune
marginal hori Las Cortesen aurkitu dugu, bertan bizi direnek etxea
bezala tratatzen dute kalea, oso bizipen berezia izan da guretzako
bertan errodatzea. Bilboko zonalde horri omenaldi txiki bat egitea
nahi izan diot, garai bateko plazerraren paradisu egun mina eta
tristura nagusi izanik. Bestalde, autobus terminalak, leku hotz
eta inpertsonalak dira, gutxi gorabehera gaurko Bilbo itxuraldatuaren
imagina gogora dakargu, azpirratzen du Aramaiok.
Euskal aktoreen presentzia ere ez da nolanahikoa izan, Ramón
Barea, Maribi Bilbao, Loli Astoreka eta Chema Sandoval aldez aurretik
ezagutzen ez bazietuen ere beraien kolaborazio izan zuen hasiera
hasieratik. Bestalde, laburmetraiean Jose Antonio Nielfa La
Otxoarekin berriz ere lan egiteko aukera izan du orain urte
andana bat Platero y tu rock taldearen bideoklipetako baten errodaian
egokitu ondoren.
|