|
|
usika
|
Errusiako
doinuak nagusi Lapurdin
Uda
amaierako musika hitzordua burutuko da aurten ere Lapurdiko zenbait
herritan, bere 43. ekitaldia beteko baitu Musique en Côte
Basque ekimenak, non lehen mailako musikarien saio erakargarriak
eskainiko diren. Iraialaren 1ean hasi eta 12ra arte luzatuko den
ekimena Betiereko Errusia... (Éternelle
Russie...) izenburupean eratutako egitaraua eskainiko du,
ekialdeko herrialde horrek Euskal kostaldearekin duen harremana
aspaldikoa baita. Aurten San Petersburgoko Orkestra Sinfonikoak
eta Dimitri Makhtin, Nikolaï Lugansky eta beste zenbait musikarik,
kutsu errusiarra emango diote ekimenari.
Aurtengo
Musique en Côte Basque jaialdiaren antolatzaileek Errusia
eta Euskal Kostaldeak historikoki dituzten harremanak gogorarazteko
ahalegina egin dute, bien arteko lorturak ofizialak baino
gehiago gizatiarrak eta ekonomikoak baino gehiago artistikoak baitira
ekimenaren presidentea den Jean Michel Barateren esanetan. Aspaldiko
adiskidetasuna Frantziako Bigarren Inperio garaian abiatu zen, Errusiako
aristokratak Biarritzera joaten hasi zirenean, alegia; areagotu
egin ziren 1917tik aurrera, sendi inperialak bertara joateko ohitura
hartu zuenean eta gehiago sakondu zituen Igor Stravinskyk Petrouchka
suitearen piano bertsioa bertan konposatu baitzuen.
Ekimen berrirako prestatutako egitaraua ohiko Alegera Mezarekin
(Messe des Corsaires) irailaren lehen egunean hasiko da Donibane
Loizuneko elizan. Saio horrekin Lapurdiko abesbatzak omenduko dira,
agerraldian Biarritzeko Kantariak, Ensemble Vocal de la Côte
Basque, Ziburuko eta Azkaineko Parrokiko Abesbatzak, Donibane Loizuneko
Chorale de lArin Luzien, Chorale Arpége, Schola Cantorum
Donibane, Goraki eta Belza Gorria abezbatzak kantari izango direlarik
Bernard Charriez zuzendariaren aginduetara. Jesús Martín
Moro organu nagusiarekin delarik, Jean-Marie Eyharts izango da abesbatza
organuarekin, Jesús Zubeldia txirularekin eta Andoni Zubeldia
txalapartarekin. Saioko partaidetza Xan Oficialdeguy tenorra eta
Ramuntxo Zubeldia bajuarekin osatuko da.
Ravelen orkestazioa
Alexandre Dmitrievek zuzentzen duen San Petersburgoko Orkestra Sinfonikoak
jasoko du hurrengo bi egunetako protagonismoa. 1931. urtean sortutako
taldeak goi mailako musikariak biltzen ditu bere baitan eta bere
ezaugarri nagusiak sonoritatea, interpretazioetan erakutsitako indarra
eta tinbre aberastasuna dira. Azkenengo 25 urtetan taldeak Dmitriev
maisua du zuzendari nagusia. Dmitrevek agerian utzi du ikerketa
artistikoa egiteko duen gaitasuna eta lan hori baliogarria izan
da okestraren doitasuna lortzeko.
Orkestra errusiarrak irailaren 2an Biarritzeko Gare du Midi aretoan
eskainiko duen saioan Rimski-Korsakoven Sheherezade eta Txaikovskiren
6. Sinfonia Si Minorrean, Op. 74, Patetikoa lanak eskainiko
ditu. Hurrengo egunean Donibane Loizuneko Jai Alai pilotalekuan
izango dira Dimitri Makhtin bibolinjolearekin batera, saio horretan
Berliozen Kortsarioaren Obertura, Op. 21, Txaikovskiren Kontzertua
Bibolin eta Orkestrarako, Op. 35 Re Maiorrean eta Moussorgskik konposatu
eta Maurice Ravelek orkestatutako Erakusketa bateko koadroak eskainiko
dituzte.
Musika talde erraldoien agerraldiak Bordele-Akitaniako Orkestra
Sinfonikoak esakiniko duen saiorekin osatuko dira. Tatsuya Shimono
maisuak zuzentzen duen taldea jaialdiaren azken egunean ariko da
Donibane Loizuneko elizako eszenarioan, Nicolas Angelich pianojolea
bakarlari lanetan dela.
Txaikovskiren lanak
Estatu
Batuetan jaiotako Angelich musikaria iaz ere jaialdi lapurtarrean
izan zen eta zaletuek gogoan dute oriandik irailaren 11n emandako
saio lazgarria. Shimono gazteak, bestalde, agerian uzti zuen orkestra
zuzentzeko duen gaitasuna Besançon hirian, bertan jokatzen
den Zuzendari Gazteen Nazioarteko Lehiaketako lehen saria eskuratu
baitzuen 2001eko irailean.
Bordeleko orkestrak Txaikovskiren lanekin osatuko du agerraldia.
Aurreneko ekitaldian Lehen Sinfonia Sol Minorrean Neguko ametsak
Op. 13a eskainiko dute eta etenaldiaren ondoren Lehen Kontzertua
Piano eta Orkestrarako Op, 23 Si Bemol Minorrean joko dute.
Organo doinuak nagusituko dira irailaren 4an Donibane Loizuneko
elizan, Biarritzen jaio eta hogei urtez Passyko Notre Dame de Grâceko
titularra izan zen Raphaël Tambyeff musikariaren ekitaldia
izango baita. Egun irakaslea eta Radio Franceko bakarlaria den Tambyeffek,
Musika eskaintza izenburua duen ekitaldian Marchand,
Gigout, Glazounov, Mendelssohn eta Dupre konposagileen lanak joko
ditu.
Eliza ortodoxoa
Errusia eta herrialde horretako doinuak gogorarazteko asmoa duen
jaialdian, ezinbestekoa zen bertako eliz doinuak jorratzen dituen
abesbatza egitarauan tartekatzea, are gehiago kolonia errusiarrak
XIX. mendearen bukaeran eliza eraiki zuelako Biarritzen erdialdean.
Presentzia hori azpimarratzeko Musique en Côte Basque jaialdiko
antolatzaileek Moskuko Choeur de lÉglise du Signe gonbitatu
dute eta talde hori Urruñako elizan izango da Irailaren 10ean.
Saio horretako lehen aldean eliz doinuak eskaintzeko asmoa badute,
bigarrenean doinu herrikoiak eta folkorikoak eskainiko dituzte.
Eliz musika errusiarrak kanon zehatzak jarraitzen ditu eta ezezaguna
gertatzen bada ere, urruti, betiereko, geldirik eta iraunkorra den
mundua dakar gogora.
Ohikoa denez bakarkako eta ganbara taldeen bizpahiru kontzertu egitaruan
tartekatu dituzte, esaterako Nikolaï Lugansky pianojoleak irailaren
4an eskainiko duena. Moskun jaiotako birtuosoak sari ugari eskuratu
eta hainbat disko argitaratu ditu 1990ean Londonen estreineko ekitadia
eskaini zuenetik. Ziburuko elizan emango duen kontzertuan Mozart,
Beethoven, Prokofiev eta Chopinen lanak eskainiko ditu.
Dimitri Makhtin bibolinjolea, Alexandre Kniazev biolontxelojolea
eta Boris Berezovski pianojoleak osatzen duten hirukoa izango da
irailaren 5eko saioaren protagonsita. Musikari errusiarrek hainbat
ekitalditan izan dira elkarrekin eta Azkaineko elizan emango duten
kontzertuan Mendelssohnen 1. Trioa Re Minorrean, Op. 49 Piano, Bibolin
eta Biolontxeloarentzat eta Txaikovskiren Trioa Piano, Bibolin eta
Biolontxeloarentzat la Minorrean, Op. 50 lanak joko dituzte.
Angeluko Saint Leon elizan izango da berriro Alexandre Kniazev hurrengo
egunean, saio horretan bere garaiko musikarien artean naturaltasun
osoz ohorezko tokia eskuratu duen Brigitte Engerer pianojolearekin
batera. Ekitaldia Stravinskiren Suite italiarra Biolontxelo eta
Pianorako obrarekin abiatu, Rachmaninoven Sonata Biolontxelo eta
Pianorako Sol Minorrean jarraitu eta Shostakovitxen Sonata Biolontxelo
eta Pianorako Re Minorrean lanarekin bukatuko da.
Hari laukotea eta pianoa
1990ean Lyongo Kontserbatorioan sortutako Quartuor Debussy taldearen
txanda izango da irailaren 7an, Berezovski pianojolearekin batera
eskainiko baitu eguneko kontzertu nagusia. Baionako katedraleko
klaustroan izango den saioan Deussyren Hari Laukotea Sol Minorrean,
Op. 10 eta Shostakovitxen Boskotea Piano eta Harientzat Sol Minorrean,
Op. 57 lanak eskainiko dituzte.
Uzbekistanen jaio eta Frantzian bizi den Mikaïl Rudy pianojoleak
osatuko du jaialdiko egitaraua, irailaren 11n esakiniko duen kontzertuarkin.
1986an eta 1992an jailadian izan zen musikariak Prokofieven 7. Preludioa
Do Maiorrean, Op. 12 eta Romeo eta Julieta, Op. 75; Moussorgskiren
Erakusketa bateko koadroak eta Chopinen 24 Preludio obrekin burutuko
du bere ekitaldia.
ŒÉterenelle Russie...¹
Pour sa quarante troisième édition, Musique en Côte
Basque, consacre sa programmation à la Russie. Elle ne cède
en rien ainsi à un phénomène de mode, à
un besoin dexotisme, voire à un manque dimagination
qui ferait la ferait se tourner vers un stéréotype
thématique facile, puisque riche et foisonnant.
|