|
|
abal
gunea
|
ona
Abierta
|
Hamleten
bila joan eta ikusleak galdu
Hamlet
obra Hamlet pertsonaiarik gabe. Hori izan da Ong Keng Sen zuzendariak
aurtengo Hamlet jaialdian aurkeztu duen proposamena. Search: Hamlet
titulupean Singapurreko zuzendariak kultur anitzeko emanaldia gauzatu
du. Malasia, Indonesia, Thailandia, Japonia, AEB, Suedia eta Danimarkako
artistak ibili dira Hamleten bila. Lan horretan Asiako dantza eta
doinu tradizionalak, mendebaldeko dantza modernoarekin eta pop musikarekin
nahastu dituzte. Proiektu iradokitzailea aktore eta dantzarientzat,
baina ikuslegoarengana heldu ez dena.
Edu
López de Luzuriaga
Ez
nuen Hamleten beste bertsio bat egin nahi, non obra amaitutakoan
ikusleak Hamlet pertsonaia antzeztu duen aktorearen egokitasunaz
mintzatzen diren. Gainera, eskuartean geneukan kultur anitzeko proiektua
kontuan izanik, ezin nuen inor ikusi Hamleten paperean. Azkenean
argi ikusi nuen Hamletek espazio biziduna izan behar zuela, egoera
zehatzak gauzatu beharrean sentsazioak aditzera emango zuena
esaten du Ong Keng Sen zuzendariak Hamleten falta azaltzeko.
Hamlet birpentsatu nahi nuen, bere baitan pertsona ezberdinak
har zezan. Hamleten barne gatazkak eremu unibertsal batean kokatu
nahi izan dut, gizabanako guztien eguneroko arazoen artean
dio zuzendariak.
Noh-antzerki japoniarra
Hamlet unibertsal bihurtu nahi horretan, zuzendari singapurtarrak
ekialdeko eta mendebaldeko kulturak elkarrekin lanean jarri ditu.
Mendebaldeak dantza modernoa, pop musika eta testu postmodernistak
jarri ditu; ekialdeak butoh dantza, topeng maskara-dantza, kohn
dantza, dantza thailandiarra eta Javako gamelan doinu tradizionalaren
ekarpenak egin ditu.
Obra beraren egitura noh-antzerki japoniarrean oinarrituta dago.
Noh-antzerki emanaldia bost obraz osatuta dago, bakoitza pertsonaia
zentral baten inguruan burututakoa: jainko bat, gudari bat, emakume
bat, ero bat eta deabru bat.
Egitura honi jarraituz, Search: Hamletek bost ekitaldi ditu, ekitaldi
bakoitzak pertsonaia nagusi bat, eta protagonista bakoitzak Hamleten
portaeraren alderdi bana irudikatzen du: Mamuaren liburuan, mamuak
Hamleten haur galduaren aldea adierazten du. Gudariaren liburuan,
Laertesek adiskidetasuna azaltzen du. Neska gaztearen liburuan,
Ofeliak Hamleten portaera erreboltaria islatzen du. Emakume eroaren
liburuan, Gertrudis erreginak Hamleten obsesioa sinbolizatzen du;
eta Deabruaren liburuan, Klaudio erregeak tentaldia, errua eta ekintzarako
gaitasunaren arteko borroka erakusten ditu.
Osagarri guzti hauek eskuartean izanik, Ong Keng Senek Asia eta
mendebaldearen arteko batasuna osatu nahi du eta, une berean, globala
eta tokikoaren arteko kontraesanak leundu, horrela posible
bailitzateke hizkuntz unibertsal bat sortzea, gure toki-ingurunetan
ainguratuta dagoena.
Ideia ona, gauzapen eskasa
Ong Keng Sen eta bere aktore-dantzari multzoa Hamleten gaztelura
bertara abiatu ziren apirilean Kronborgeko arkitektura barne-barnean
sentitzeko. Artistek hainbat emozio harraskatu zituzten ormetatik,
lurretik, isilunetik, airetik, oihartzunetik, Kronborgeko mamuengandik.
Gela ezberdinetan aurkitutako arrasto hauek eszenatokira eraman
ditugu azaltzen du Ong Keng Senek.
Hain zuzen ere, horretan datza Search: Hamlet. Aktore bakoitzak
bilaketa pertsonal horretan Hamleten esentziari buruz aurkitutakoa
antzezteari ekiten dio, aktore ezberdinen antzezpenen arteko batasun
askorik gabe. Obrak banakoen desfile baten antza hartzen du, eta
Hamleten drama bidean galtzen da.
Gainera, diziplina anitzeko emanaldia burutu nahian, zuzendariak
partaide batzuk beren esparru artistikotik atera ditu beste zerbait
egiten jartzeko. Guztia oso ondo dago aktoreen bilakaera pertsonal
eta artistikorako, baina ikusleekiko komunikazioa zaildu egiten
du, are gehiago sentsazioak igorri behar direnean.
Kronborgeko patioan ikusleen erreakzioa ikusita eta egunkarietako
kritikak irakurrita esan daiteke, emanaldiaren une gorena eman zela
argi-joko baten bitartez Kronborg gaztelua biraka jarri zenean.
Adierazgarria iruditzen zait, baita zoritzarrekoa ere.
Ong Keng Senek Hamlet obra hankaz gora jarri du, printze danimarkarraren
istorioa aktoreen sentsazioekin ordezkatuz, guztia ekialdetik ekarritako
arte-baliabideekin hornituz, eta aktoreak beren esparru artistiko
propiotik atereaz. Dena pribatuegia egiten da, iniziatuentzat bakarrik,
baina ikusle gehienok festa pribatu horretatik kanpo gelditzen gara
eta Search: Hamletek kurtso amaierako antzezpen itxura hartzen du.
|