|
|
ntzerkia
|
te tro
|
Euskal
Antzerkizaleen topalekua
Azpeitiako
Euskal Antzerki Topaketak XX. edizioa ospatzen duenean berriz ere
ohiko martxari heltzen dio, joan den urtean Soreasu Antzoki berriaren
estreinaldiarekin, mostra beraren iharduera ospatzea nahi izan baitzuten
Topaketetatik pasatako antzezlanekin erakusketa burutuz. Azaroaren
9tik abenduaren 1era bitartean, orotara zortzi euskal talde amateur
eta profesionalek parte hartuko dute, tartean Dar Dar produkzioen
Pinotxo haurrentzako ikuskizunaren estrenaldia dagoelarik. Besteak
beste, Kontxu Odriozola aktoreari omenaldia egingo diote, Pako Aristik
idatziriko liburua aurkeztuaz batera.
Azaroaren 8 eta 9an aurreikusi diren inaugurazio ekitaldien ondoren
hilaren 10ean emango zaio hasiera antzerki programazioari Hika taldearen
Ai, ama! azken antzezlanarekin. Izenburu bera daraman Arantza Iturbe
idazlearen obra arrakastatsuan du oinarri ama izateko gogo eta ez
gogoari buruz mintzo den lan xamur eta umoretsu honek.
Amatasun sentimenduaren alderdi garratzena, baliteke gutxien garatu
dena, mahai gainean ezartzea nahi izan du konpainia gipuzkoarrak.
Ainhoa Aierbe, Miren Gojenola eta Pilar Rodriguezek, amen paperak
gorpuzten dituztenek, zergaitik erabakitzen du zenbait emakumek
ama izatea? galderari erantzuten saiatuko dira.
Kantuz kantu
Hitza eta kantua uztartzeko xedez, Ramon Agirre aktoreak Joserra
Senpere pianojoleak lagunduta, Ondo esan beharko, umorez betetako
ikuskizuna dakar hilaren 15ean. Blusa, kopla zaharrak, pasadizo
sasibiografikoak, rokanrola, katxondeoa eta beste horrenbeste elementu
nahasten ditu kontzertutzat jotzen ez duen show zeharo bitxi eta
ikusgarri honetan.
Aurrera jarraituz, azaroaren 16an, Txalo eta Kanpingagasek koprodukzioan
egokitutako, Biblia osoa gutxi gora behera taularatuko dute. Bertan,
hiru apaizek Testamentu zahar eta berrian narratzen diren egitate
garrantzitsuenak argitzen saiatuko dira jakin baitakite hoietako
asko ez direla behar bezala ulertu, esaterako Jesusen nerabezaroari
dagokiona, hazkuntzaren misterioa, gizadiaren ugalketa edota Abel
eta Cainen arteko benetazko harremana.
Dar Dar produkziokoen txanda igandean, azaroaren 17an izanik 23an,
egitarauaren barne parte hartuko duen lehen talde amateurra ikusteko
aukera egongo da. Kasu honetan Izarraitz pilotalekuan eskeiniko
du Itsasi taldeak Orainaren ikuskizuna.
Txalo produkziokoen beste muntaietako bat, Natatxa ikuslego familiarrari
zuzendutako umore, fantasia eta jolasa nagusi diren antzezlan estreinatu
berria 24an taularatuko da.
Pasarte xelebreak
Loli Astoreka, Aizpea Goenaga eta Eli Elizondok interpretatzen duten
Hau paraderoa! barrez lehertzeko muntaia hilaren 30ean ikusgai egongo
da. Goaz talde amateurra arduratuko da azkenik abenduaren 1ean Topaketen
XX.edizioari agur esaten. Debako taldeak Gabon eta Anton Kaiku,
Martzelino Soroa, euskal antzerkigilearen ikuskizunak antzeztuko
ditu oraingo honetan.
|