|
|
abal
gunea
|
ona
Abierta
|
Kukubiltxo
sortu zenean antzerkira joateko ohitura murritza zen
Hogeita
bost urte betetzen ditu aurten Larrabetzun sortu eta gaur egun herri
berean egoitza duen Kukubiltxo Antzerki Taldeak eta horren urteurren
borobila ospatzen dela eta omenalditxoa jasoko du konpainiak Bilboko
XXI. Nazioarteko Txotxongilo Jaialdian. Sortu zenetik hiru helburutan
oinarritzen du bere lana talde bizkaitarrak: Alde batetik,
ikusle preferentziala umea izatea, beste alde batetik txotxongiloen
mundua lantzea eta, azkenenik, sortzen ditugun ekoizpen guztiak
euskeraz egitea, Josu Cámara, taldearen zuzendariaren
esantan. Lehen bost urteak amateur gisa eman ondoren, 1982a geroztik,
Hauxe lana zikiña garbitu beharra ikuskizunaren
estreinaldiarekin batera, konpainia profesionala bilakatu zen.
Joseba
Gorostiza}
Nola
sortu zen Kukubiltxo taldea antzerki zaletazun gehiegirik ez zuen
herri txiki baten?
Toti Martínez de Lezea eta Alberto Albaizar izan ziren txotxongiloen
tradizioa ekarri zutenak Frantziatik, Europako txotxongilo eskola
garrantzitsuena dagoen Charleville-Mézières hirian
egon zirelako garai baten. Han egin omen zien koska txotxongiloen
eltxoak eta bertan ikastaro batzuk eginda etorri ziren. Herrira
etorri eta Andra Mari jaietarako Lourdes Iriondok grabatutako Txano
Gorritxoren ipuinean oinarritutako inprobisazioa prestatu zuten.
Egun horretan sortu zen Kukubiltxo. Toti eta Albertoren inguruan
Larrabetzuko zenbait gazte elkartu egin ziren eta hasieran jolas
modura abiatu zena egituratzen hasi zen.
Garai hartan ezarri ziren taldearen oinarri ideologikoak?
Guk beti esan dugu Kukubiltxo, proiektu bezala, hiru zutabetan oinarritzen
dela. Hiru oinarri hoiek hurrengo hauek ziren: umea ikusle preferentziala
izatea; txotxongiloak aukeratzea antzerki estilo bezala eta, azkenik,
euskera lehentasuneko hizkuntza izatea. Guk harro diogu hogeita
bost urteren ondoren hiru zutabe horietan oinarritutako antzerkigintza
egiten jarraitzen dugula.
Baina taldeak izaera amateurra zuen garai hartan.
Bost urte eman genituen horrela, baina zera gertatzen zen: garai
batean gaztetxoak jolas moduan hasi zirela eta hazi egin zirenez,
ikasketak, ardura sozialak edo harreman pertsonalak indar hori ahultzen
joan ziren. Beste alde batetik, ordurako sortutako produktoak gero
eta eskaera handiagoa zuen. 1983an argi zegoen aukeratu egin behar
zela, profesionaltasunera jauzia eman edo guztia bertan behera uzti.
Eta jarraitzekotan txotxongilo konpainiaz gain Larrabetzuko talde
bezala jarraitu behar genuen, herriko bizitzan errotuta geundelako
eta bertako ekimenetan beti inplikatu garelako. Esaterako, garai
bateko gazte guztiek hankapaluen gainean ibiltzen zekiten. Hasieran
Jon Garai eta biok izan ginen Kukubiltxoko lehen profesionalak;
besteak, luzaroan jarraitu zuten gurekin kolaboratzen.
Talde profesional bilakatu aurretik nolakoak ziren ikuskizunak?
Bi ataletan banatzen ziren. Lehenengo kalejira egiten genuen hankapaluekin.
Garai hartan ez genituen pertsonaiak erabiltzen baina zirko giroko
ikuskizunak ziren. Ondoren, umeak plazan batu eta gero, txotxongiloen
emanaldia hasten zen, sarritan bertsolariekin.
Zein izan zen profesional bezala sortu zenuten lehen lana?
Hauxe lana zikiña garbitu beharra zuen izenburua eta barruko
ikuskizuna zen. 1983an egin genuen eta eskolaz eskola joateko prestatua
zen. Gero, kanpoko ekitaldiak egiteko deitzen gintuztenean hasierako
taldekideekiko dependentzia genuen. Poliki poliki gero eta ekitaldi
gehiago lortzen genituen eta urte bete pasatu ondoren hirugarren
lankide bat kontratatu genuen, oraindik gurekin jarraitzen duen
Mari Feli Etxandia alegia.
Laster
etorri zen Kukubiltxoren lehen erronka azpimarragarria.
1984 urtea zen eta Nire klaseko zenbakiak dantzan eta Euskara kalean
ikuskizunak egin eta gero Karraka taldeak proposamen liluragarria
egin zigun, Cobaya, Teatro Estudio Bilbao eta Orain taldeekin, Ramón
Bareak zuzendutako Oficio de Tinieblas egitasmoan parte hartzeko.
Orduko talde inportanteekin lan egiteko aukera izan genuen eta guretzat
aurrera pausu nabarmena izan zen. Horren ostean sortu genituen ikuskizunei
beste kutsu bat nabaritzen zitzaien, estetika landuagoa zeukaten.
Arrantzarik gabeko mamua kale animazioarekin La imaginación
sale a dar un paseo izenburu esanguratsua zuen lehen kritika
pozgarria jaso genuen, Pedro Barearena alegia. Ondoren gure lehen
kale antzerki ikuskizuna estreinatu genuen Kukubiltxo begiluze izenburuarekin.
Noiz hasi zenuten Oskorri taldearen ikuskizunetan parte hartzen?
Zokozorrimorria lanarekin genbiltzanean, 1987an, Oskorrikoak guregana
hurbildu ziren euren 15. urtebetetzea zela eta gurekin ospatu nahi
zutela esanez. Guk ez genuen aurrekontu handirik baina biltegiko
traste guztiak atera eta hor ibili ginen alde batera eta bestera.
1993an beste sorpresa handi bat izan genuen, berriro euren 25. urteurrena
ospatzeko deitu gintuztenean. Kasu horretan koprodukzio handia egin
genuen haur kantekin osotutako Katuen testamentua diskoa zirkuitatzeko.
Aurrerantzean ere harreman emankorra izan dena.
Harreman hori gaur egun ere mantentzen dugu. Tartean hainbat lan
egin ditugu elkarrekin eta gaur egun ere sarritan kolaboratzen dugu.
Noiz murgildu zineten txotxongiloen munduan.
Bilboko Txotxongilo jaialdira Pabeko Episodes taldea zetorrela eta
euskaratutako Orreaga ikuskizuna egin behar zutela entzun genuen.
Bertara joan eta pertsona berezeia ezagutu genuen, Beñat
Lefever. Beraiek ikuskizuna bertan behera uztekotan zebiltzanez,
eta guretzat ezohikoa bazen ere, lanaren eskubideak erosi genituen.
Beñatek berak zuzendu zuen gero izenburu berarekin sortu
genuen antzezlana. Hor hasi ginen guretzat ezezaguna zen panpinen
manipulazioa ikasten, barilladunak, eskularrudunak, marokak edo
esku panpinak. Orreagan erabilitako estilo beraz baliatu ginen gero
Mundua salba dezagun eta Behin bazen lanetan.
Zein izan da kale animazioan egindako lan arrakastatsuena?
Zalantzarik gabe Jalgi hadi dantzara izan da Kukubiltxok egin duen
ikuskizunik borobilena, handiena, politena eta arrakastatsuena.
Gainera estetika berria lantzen hasi ginen, Euskal Herriko ikonografian
oinarrituta, Mikel Díaz eta Estefania Erro artisten laguntzarekin.
Zenbat lankide izan dira taldean 25 urte hauetan?
Inoiz zerranda bat egitea pentsatu dugu. Bataz beste 75etik 100era
bitartean ibili garela esatea ez litzateke inolako astakeria izango.
Zein testuingurutan sortu zen taldea?
Kukubiltxo sortu zenean eta profesionalizatu ondoren antzerkiaren
panorama Euskal Herrian oso berezia zen aretorik ez zegoelako; euskaraz
egiten ziren ekoizpenak ez ziren asko eta antzerkira joateko ohitura
ere oso murritza zen.
Beraz, antzerkiaren alternatiba kalea zen.
Edo ezohiko lekuak. Gainera antzerkia herritarrengana eramateko
gogoa zegoela nabaritzen zen eta erakundeek egiten zuten apostua
kalekoa zen. Baina egoera aldatuz joan zen, herri batzuk aretoak
ireki zituzten, zirkuitoak sortu ziren...
Zein da antzerkigintzaren egoera gaur egun?
Egoera egonkorrean dagoela esango nuke. Ekoizpenen aldetik, inolako
dudarik gabe, oso profesionalak eta kalitate onekoak ateratzen ari
direnez, aurrera doa. Kalekoak alde batera utzita, antzeztokien
aldetik, gero eta areto hobeak ditugu. Programazioa, leku batzutan,
finkatzen ari den neurrian ikuslegoa ere finkatzen ari da. Beste
toki batzuetan aldiz, programazioa ez da finkatzen eta ikusleen
erantzuna nahiko irregularra da eta horrek egoera berezi batera
eramaten gaitu, festibalismora alegia. Hori Nire iritziz bide okerra
da hori, antzerkiaren etorkizuna bermatzea nahi badugu programazio
egonkorrak bultzatu behar dira arlo guztietan, horrek epe laburrean
fruituak emango dituelako.
|