|
|
udiobisualak
|
Ziklo
batetik bestera
Martxoan
zehar Euskal Herriko toki ezberdinetan antolatuko diren zine ziklo
guztietatik hiru azpimarkatu nahi genituzke, besteak beste, Basauriko
Sozial Antzokiak Emakume zuzendariak izenburupean programatutakoa,
Eibarko Antzerki Jardunaldien barne egingo den Antzerkia Zinema
atal berezia eta azkenik Donostia Kulturak antolatuta Montxo Armendariz
errealizatzaile nafarrari eskeinitakoa.
Emakume zuzendariak
Aurreneko zikloan 2000-2002 urteen bitartean emakume zuzendariek
burututako bost filme aurkeztuko dira, 20.00etan eta 22.30etan.
Hilaren 6an Beatriz Flores Silva uruguaiarraren En la puta vida
luzemetraiak zabalduko du programa. Umoreak, dramak, eztabaidak,
tragediak, guztiak dauka bere txokoa historia honetan. 27 urteko
Elisaren ametsa, Uruguaiko hiriburuan, Montevideon, hileapaindegi
bat zabaltzea da, aitzitik, diru faltak eta bi seme-alaba aurrera
atera beharrak prostituzioaren mundu latzean sartzera eramango du.
Martxoaren 13an emitituko duten Virgine Wagonen El secretok maitasunaren
ezuzteko alderdia arakatzen du. Hots, Marie izena duen 35 urteko
emakumea Françoisekin ezkonduta daramatza 12 urte. Bigarren
semea ekartzekotan dabiltza baina Marik ez du argi ikusten. Bill
50 urtetako afroamerikarra ezagutzean, buruko eskema erabat aldatuko
zaio. Naiz eta hitzez ezin elkar ulertu bien artean piztuko den
pasioak muga guztiak autziko ditu.
Hilaren 20an berriz, Lynne Stopkewich Suspicius river dramaren txanda
izango da. Begibistara eguneroko ohikeria aspergarria pairatzen
duen emakumeak ezkutuko bizitza darama, hoteleko ostalariekin harreman
sexualak mantentzen baitu extra bat atereaz.
Martxoaren 27ko filmeko protagonista Otilia dugu, gorputz ederreko
andrea baina jaiotzetik aurpegi erdia eztaltzen dion orinaren erruz
nerabezarotik baztertua sentitzen dena. Bere egoera negargarriak
txarreruntz egingo du aitak Isidro zekenarekin ezkontzera behartzen
duenean. Mary Agnes Donaghueren La flor del malek itsiko du martxoaren
31an arratsaldeko 17.00etan zikloa, ama, alaba eta erailketez ari
den istorio honekin.
Eibarko Antzerki Jardunaldietan, ohiko modura, zineari zuzendutako
txokoa erreserbatu dute XXVI. edizio honetan. Ego Ibar Zine Klubak
eginiko hautaketari erantzunez hilaren 13an Medearen trama mitikoan
oinarritua dagoen Arturo Ripsteinen Así es la vida filma
eskeiniko dute 17.30 eta 21.00etan.
Debekua
Tanttakak urteetan zehar maisuki antzeztutako El florido pencil
pantailan ikusteko aukera egongo da aurreko pelikularen ordu berdinean
martxoaren 20an. Ziklo honi Smooking room, Julio D. Wallovits eta
Roger Gualen filmak amaiera emango dio 27an, aipatu berri ditugun
sekzio berberetan. Azken filme honetan Espainian sukurtsala duen
entrepresa estatubatuar batean erretzea debekatzean hartuko dituzten
neurrien aurka dauden langileak dira protagonistak.
Donostia Kulturak antolatutako Berriketan atala berriz, martxoaren
27an, Montxo Armendarizeri zuzenduta egongo da. Oraingo honetan
errealizatzaile nafarrak bere ibilbidean burututako laburmetraiak
emitituko dituzte arratsaldeko 20.00tik aurrera, betiko legez, Larrotxene
Kultur Etxean. Besteak beste Barregarrien dantza, Ikusmena, Ikuska
11 edota bere filme labur ezagunena Carboneros de navarra ikusgai
egongo dira.
|