|
|
usika
|
Drama
edo dibertsioan murgiltzeko
Ohikoa
ez bada ere, opera ikuskizunarekin gozatzeko aukera izango da Donostian
martxoan, P. I. Txaikovskiren Eugene Oneguin lanaren emanaldia prestatu
baitute Kursaalen martxoaren 16an. Biarritzen, bestalde, Jacques
Offenbachek sortutako La Grande Duchesse de Gerolstein opereta ezaguna
taularatuko da 29an.
Kursaalen ikusgai izango den ekoizpena Moscuko Opera Teatro Helikonek
taularatuko du, non Txaikovskik bere izaera musikalean erakutsi
zituen ezaugarriak nabarmentzen diren. Protagonistak, Eugene Oneguinek
alegia, arazo bat du: ez du bera uler dezakeen inor aurkitzen, Tatiana
ezik. Baina Txaikovskiren drama ez da Tatianak duen maitasun istorioa,
baizik eta itotako bizimoduaren ametsgaizto etenezina. Ekitaldian
bikain isladatzen da Errusiako nekazal bizimodua: etxe guztietan
konfitura egiten baita eta egite data potean jarri ondoren apaltegian
uzten dute, egutegia balitz.
Maitasuna berreskuratu
Ikuskizuna abiatzerakoan Eugeneren maitasuna eskuratzeko Tatianaren
ahaleginak isladatzen dira. Baina gizona, zoriontsua da itxura baten
eta gogokoago ditu egoera aldakorrak eta askatasunez bizitzea, emakume
bati lotzea baino. Beraz Oneguinek ezinezkoa den istorioa ahazteko
aholkua ematen dio Tatianari.
Bidai luze eta hainbat urteren buruan, Oneguin San Petersburgen
agertzen da berriro eta oraingoan Tatianarekiko grina sentitzen
du eta maitasuna eskuratzeko asmoa erakusten du. Emakumea Gremin
printzearekin ezkonduta dago eta argi du bere senarrari leial izango
dela. Oneguinek elkarrekin alde egitea proposatzen badio ezetza
borobila jasoko du gizonezkoak, lehen aldiz porrotaren eta etsipenaren
mingostasuna ezagutuz.
Erakusketa Unibertsala
Jacques Offenbachek konposatutako opereta ospetsuenetarikoa jarriko
du ikusgai Entractes erakundeak, 1867an estrenatutako La Grande
Duchesse de Gerolstein lana taularatuko baita Biarritzeko Gare du
Midin 29an. Opereta 1867an Parisen egin behar zen Erakusketa Unibertsalerako
eskatu zioten Offenbacheri, Verdiri, Don Carlo opera eskatu zioten
garai berean alegia.
Europako hainbat agintari Frantziako hiriburuan bilduko zirela eta,
Ofenbachek gerra eta agintariei buruz iseka egiteko, aukera aparta
izan zuen. Ikuskizunak erregeen apeta, harrokeria, azpikeria eta
gerraren burugabekeria aipatzen ditu behin eta berriro eta etengabe,
agintariekiko eraso nabariak isladatzen dira.
La Grande Duchesse de Gerolstein opera-bufan A. T. I. Konpainiako
bakarlariak, abesbatza eta Orkestra arituko dira eszenarioan, Claude
Guguillereren zuzendaritzapean.
BEGIRATU
AGENDA
|