|
|
usika
|
Gertu
diren urruneko doinuak
Gernikako
Lizeo Antzokia Mundu bat musika-Wold Music deituriko lehen ekimena
burutuko du apiraleren 3, 4 eta 5ean, ekitaldietan Euskal Herriko,
zein Filipinetako, Marokoko, Europa erdi eta ekialdeko, Ekuadorreko
eta zeltiar jatorriak dituzten doinuak entzuteko aukera izango delarik.
Munduko zenbait herrialde desberdinetatik Euskal Herrira etorritako
gizakiek euren maletekin batera ekarritako kultura eta doinuak gerturatuko
dizkiote ikuslegoari. Baraien alboan euskal musikariak arituko dira
mestizaje aberasgarria gauzatzeko asmoarekin. Zuzeneko kontzertuez
gain, ekimena Bizilagun berriak deituriko argazki erakusketarekin
osatuko da, zein etorkinen testigantza eta irudiz osatuta dagoen.
Mundu bat musika-Wold Music ekimenean munduko hainbat tokiko doinu,
erritmo eta folklorea ikus eta entzungai izango da eta egun bakoitzean
bi talde izango dira oholtzan. Saioei hasiera emango dion agerraldian
Pagkakaisa eta Adunia Folken txanda izango da. Bigarren agerraldian
Acuarela eta Xabi Aburruzaga Taldeari dagokie txanda eta saioak
bukatzeko Leo Smetanca & Moldavians eta Bouhia igoko dira eszenariora.
Filipinetako dantzak
Lehen egunean arituko den Pagkakaisa talde folklorikoa, Bizkaian
bizi diren filipinatarrez osatuta dago. Hamalau dantzari eta lau
kantariz osatutako konpainiak jendearen dotoretasuna, gozotasuna
eta apaltasuna isladatzen duten dantzak eskaintzen dituzte eta euren
errepertorioa Cariñosa edo Fandango izenburua duten dantzekin
osatzen da.
Hastapen eguneko ekitaldia Eibarren sortu eta doinu zeltiarrak lantzen
dituen Adunia Folk taldearekin burutuko da. Galiziako Etxearen gaita
eskolaren inguruan sortutako zortzikotearen abiapuntua, lau taldekidek
elkarrekin topo egin zutenean abiatzen da. Sortzaileetariko zenbait
musikari aldatu eta gehitu ondoren, 2001eko irailean aurkeztu zen
ikuslegoaren aurrean. Euren errepertorioa Eskozia, Irlanda, Britainia,
Galizia, Asturias eta Euskal Herriko tradizioan eta doinu herrikoietan
oinarritzen da eta bertan jigak, polkak, pandeiradak, ezpatadantzak,
baltseak edo runbak tartekatzen dira.
Bigarren eguneko saioaren hasieran Acuarela taldeak Ekuadorreko
doinu herrikoiak jarriko ditu entzungai. Jenny eta Elías
Chávez, Ángelo Valencia eta Iván Proaño
laukoteak sorterriko zein Andeetako abesti intimistak eta jaigirokoak
eskaintzen dituzte gaur egungo musika tresnekin.
Bigarren ekitaldia Xabi Aburruzaga trikitilariak eskainiko dituen
doinuekin osatuko da. Eloy Urrejola bajujolearekin, Josemi Buisan
gitarrajolearekin eta Garikoitz Aldekoa perkusiojolearekin batera
orain arte burututako ibilbidearen pasarteak eskaintzen dira, non
erromeriak, oroitzapenak edo bidaien gogoetak elkartzen diren.
Erdi eta ekialdeko Europako doinuekin abiatuko da azken eguneko
ekitaldia, kontzertuko lehen zatian Leo Smetanca & Moldavianas
igoko baitira eszenariora. Leonid Smetanca teklatujoleak, Oleg Davidengo
akordeoilariak, Eugeny Daniecu klarinetejoleak, Vasile Nistor bibolinjoleak
eta Ion Stavila tronpetajoleak osatutako taldeak, aspaldiko orkestinak
dakartza gogora eta entzulea Vienako dantza aretoetara eta Frantziako
bistrotetara eramaten dute eskaintzen dituzten baltse,
polka, zingara, parisinak eta antzerako erritmoekin.
Iragarritako agerraldiak musika berberea eta Afrikako iparraldean
jorratzen diren erritmoak lantzen dituen Bouhia taldearekin osatuko
dira. Taldea 2000. urtean sortu zen Mustapha Agharban Tamsna
musikaria Rifetik Bilbora iritsi zenean. Jarraian beste zenbait
berbere, euskaldun zein Murtzia eta Alemaniatik gerturatutako musikari
eta dantzari gehitu ziren. Hamar musikariek eta bi dantzariek eskaintzen
duten ikuskizunean, igarotako garaiek nabarmentzen dira eta egoera
horrek dakarren melankonia azalerazten da. Horretaz gain tankera
poetikoa, bukolikoa eta jaigirokoa duten doinuak gehitzen dituzte.
APIRILAK 3, 4, 5 ABRIL (20.30
LIZEO ANTZOKIA - GERNIKA
|