|
|
usika
|
Doinu
gozagarriak Lapurdin zehar
Abuztuaren
31n hasi eta irailaren 11ra arte iraungo duen Musique en Côte
Basque jaialdiak bere 44. denboraldia burutuko du eta bertan protagonismo
nabarmena jasoko du bibolin musika tresnak, Bordelen jaio eta 25
urte inguru Donibane Lohizunen bizi zen Jacques Thibaud musikaria
omenduko baita. Prestatutako egitarauak goi mailako musikari eta
taldeak entzuteko aukera eskainiko du, besteak beste, Europa Galante,
Bordele Akitaniako Orkestra Nazionala edo English Chamber Orkestra
izango baitira.
Urtero
legez, abuztua amaitzen denean Musique en Côte Basque jaialdiari
ekingo diote Lapurdiko zenbait herritan eta aurten Jacques
Thibaud, lâme du violon (Jacques Thibaud, bibolinaren
arima) izenburupean burutuko da, antolatzaileek Donibane Lohizunen
bizi zen musikari bordeldarra omendu nahi dutelako.
Ohikoa denez, Biarritz, Ziburu, Azkaine edo Donibane Lohizuneko
zenbait abesbatzen partaidetzarekin hasiko dira aurtengo ekitaldiak
abuztuaren azken egunean. Donibane Lohizuneko elizara gerturatutako
kantari taldeek hainbat musikarirekin batera Juan Urteaga konpositorearen
Alegera meza (Messe des Corsaires) eskainiko diote entzulegoari.
Italiako dotorezia
Toki berean burutuko dira irailaren 1 eta 3an Quatuor Cole taldeak
eskainiko dituen saioak. Hala ere, irailaren 1eko protagonista nagusia
Fabio Biondi musikariak zuzentzen duen Europa Galante taldea izango
da. Barroko garaiko zein errepertorio klasikoko lan desberdinak
jorratzen dituen talde italiarrak Ziburuko elizan eskainiko duen
egitarauan Vivaldiren Lau urtaroak eta Corelliren lanak izango dira
entzungai.
Bi saio iragartzen dituzte antolatzaileek irailaren 2rako. Eguneko
ekitaldiak Jesús Martín Moro organujoleak hasiko ditu
Donibane Lohizuneko elizan emango duen kontzertuarekin. Eguneko
saio azpimarragarriena Trio Latourek emango du Getariako elizan.
Prestatutako egitarauan Saint-Saëns, Rachmaninov eta Schumannen
lanak eskainiko ditu hirukoteak.
Patrice Fontanarrosa bibolinjoleak eta hari taldeak Biarritzeko
Kasinoan eskainiko duten saioarekin hasiko dira 3ko kontzertuak,
non Brehmsen Dantza hungariarrak entzungai izango diren. Bestalde,
Donibane Lohizuneko elizan Jonathan Darlington zuzendariaren aginduetara
ariko dira Bordele-Akitaniako Orkestra Nazionala eta Luarent Korcia
bibolinjolea eta eguneko saio nagusia izango den honetan, Milhaud,
Chausson eta Beethovenen lanak izando dira entzungai.
Azkaineko elizan burutuko da irailaren 6ko ekitaldia, non Quatour
Ysase izango den protagonista nagusia eta bertan Haydn, Mozart eta
Maurice Ravel konpositoreen lanak izango dira entzungai.
Thibaud-en omenez
Hurrengo eguneko saioa, irailaren 6koa alegia, Baionako katedraleko
klaustroan burutuko da eta bertan Dimitri Makhtin bibolinjolea,
Alexandre Paley pianojolea eta Alexandre Kniazev biolontxelojoelak
osatutako hirukotea arituko da. Eguneko ekitaldia Rachmaniniv eta
Beethovenen lanekin osatuko da.
Ralf Gothóni zuzendari finlandiarrak gidatzen duen English
Chamber Orkestra izango da 8ko protagonista nagusia eta Donibane
Lohizuneko elizan eskainiko duen saioan Grieg, Mozart eta Haydnen
lanak eskainiko ditu. Angeluko San Leon elizan izango da hurrengo
eguneko kontzertua eta bertan Pierre Amoyal bibolinjolea eta Gabriel
Tocchino pianojolea arituko dira. Saioan Poulenc, Debussy eta Saint-Saëns
konpositoreen lanak eskainiko dituzte.
Azken aurreko agerraldia Baionako Bonnat Museoan izango da 10ean
eta bertan 2002ko Jacques Thibaud Lehiaketako irabazlea den Andrej
Bielow bibolinjolea, Denys Proshchayev pianojolea eta Nicolas Vaude
errezitatzailea arituko dira. Thibaud bibolinjolearen omenez prestatuta
dagoen saio honetan, Mozart, Grieg, Wieniawski eta Ravelen lanak
eskainiko dituzte.
Urruñako elizan izango den azken kontzertuan Aldo Ciccolini
pianojolea izango da eta egitaraua Chopin eta Beethovenen lanekin
osatuko du.
|