|
|
usika
|
Hitzordua
beltz izpiritualekin
Azken
urteetan ohikoa bilakatu diren Gospel Kontzertuak izango dira Gabon
jaiak heldu aurretik Euskal Herriko zenbait tokitan. Baiona, Gasteiz,
Iruñea, Donostia, Barakaldo, Irun eta Tolosako antzokietan
burutuko diren saioetan The Inspirational Charms, The Ladies of
Song, Angela Spivey and The Voices of Victory Choir, The Northern
Kentucky Brotherhood Singers, Jerry Smith & Children of Israel
Mass Choir, Bobby Jones & The New Life Singers taldeak, besteak
beste, kantari izango dira. Kontzertuetan beltz izpiritualak, ereserkiak
eta gospel tradizionala zein garaikideetan oinarritutako doinuak
eskainiko dituzte.
Gertu diren Gabon jaiak agurtzeko asmoarekin hainbat gospel kontzertu
antolatu dira euskal antzokietan, iragarritako saio gehienak abenduaren
10tik 17ra artean burutuko direlarik. Lehen saioak Baionako Antzokian
izango dira 10ean eta 16an, bertan The Inspirational Charms eta
The Ladies of Song taldeak eszenaratuko direlarik, hurrenez hurren.
The Inspirationalek Chicagoko taldeek erakusten duten grina eta
eraspenarekin eskaintzen dituzte euren kantuak. Errepertorioan tartekatutako
kantuetan sentikortasuna eta suhartasuna nagusitzen dira eta arrazoi
horregatik, agian, Best female quartet saria izabazi zuten 1999an.
1981ean sortutako talde honek, garai bereko beste talde batzuekin
alderatuta, lau ahotsetarako harmonizatutako gospel tradionala jorratzen
du. Emakumez osotutako talde honen izaerak, iparramerikako agerraldi
garrantzitsuenetan kantatzeko aukera emateaz gain, telebistako zenbait
saioetan agertzeko aukera eman dio.
Emakumeak nagusi
The ladies of Song izango da Baionako kontzertuak burutuko dituen
bigarren taldea. Sei emakumez, bost abeslari eta pianojole bat,
osatutako talde honen jatorria 1972an datza, urte horretan sortu
baitzuen Gloria Nealek, bere elizako kontseiluak egindako eskakizunaren
ondoren, Emakumearen eguna ospatzeko asmoa baitzuten.
Emandako lehen agerraldietan jasotako harrera beroak, hasitako ibilbidea
jarraitzera bultzatu zuen sortzailea.
Gaur egun, seikoteak, gospelak ohiartzun handiena izan zuen garaiko
doinuetan oinarritzen du bere errepetorioa, besteak beste, Ward
singers, Davis sisters edo Caravans teldeen kantuekin alegia. Ahotsei
dagokienez, altua, soprano lirikoa, sopranoa, kontraltoa eta mezzosopranoak
osatzen dute taldea, euren ahots gartsuek Estatu Batuetako areto
garrantzitsuenetan arrakasta eskuratzeko baliogarriak izan zaizkie.
Hego Euskal Herrian ere
Hiru talde nagusituko dira Hego Euskal Herriko aretoetan. Hala ere
Donostiako Kursaalen izango den Gabonetako V. Gospel Kontzertuak
laugarren batekin hasiko dira, Bobby Jones & The New Life taldearekin
alegia. Inongo zalantzarik gabe, Bobby Jones gospel komunikatzaile
onena da, horretaz gain lehen mailako abeslaria eta showmana ere
bada. Jonesek, hamarkada oso baten telebistan izan zuen saioa Ameriketan
izan den garrantzitsuenetarikoa izan da eta gaur egun Estatu Batuetan
izaten diren gospel ekitaldi handienetarako deitzen dute.
Donostiako Kursaal, Gasteizko Printzipal eta Barakaldo Antzokian
izango diren saioetan Northern Kentucky Brotherhood Singers, The
Children of Israel Mass Choir eta Angela Spivey & The Victory
Choir izango dira, azken hau zabaldu berri duten Iruñeako
Baluarte auditorioan ere izango delarik.
The Children of Israel taldea sortu eta gaur egun burutzen duen
Jerry Smith, aditua da gospel musikari dagokionez. Gospel abesbatzen
artean dagoen talde aldartetsuena izanik, bere errepertorioan abesti
klasikoak, beltz izpiritualak, ereserkiak eta gospel tradizionala
eta garaikidea tartekatzen dira. Koroa sortu zuen Smithek Mississippi
Mass Choir taldean pianojolea izateaz gain, abesbatzari sendotasuna
eman zioten hainbat abesti sortu, moldatu eta zuzendu zituen. Naiz
eta talde ospetsu horretako kide izan, Smithek ez du The Children
inoiz alde batera utzi eta talde biek elkarrekin grabatu zuten 1994an
Ive been touched. Gaur egun ere, The Childreneko kide gehienak
Mississippiko abesbatzako kideak dira.
A capella
Northern
Kentucky Brotherhood Singers abesbatzak a capella benetako
joeran eskaintzen ditu gospel tradizionaleko abestiak. Euren errepertorioan
Go Down Moses edo Swing Low Sweet Chariot bezalako kantuak tartekatzen
dituzte eta eszenario gainean agertzen direnean interpretazioaren
adierazkortasunari nortasun sendoa gehitzen diote. Gaur egun, gizonezko
bost kidek osatzen dute abesbatza eta euren errepertorioa osatzeko
The Dixie Hummingbirds, The Five Blind Boys eta The Fairfield Four
bezalako taldeen eragina jaso dute.
Angela Spivey & The Victory Choir-ekin bukatuko dira iragarritako
ekitaldiak. Taldea sortu zuen Angela Spivey, Chicagoko West Sideko
predikari handia den Harvey reberendoaren hirugarren alaba da eta
14 urtekin hasi zen musika zuzendaritzan Young Peoples Choirekin.
29 urterekin The Voices of Victori sortu zuen, zein Estatu Batuetako
gospel ezaugarria bilakatu den. 1995ean argitaratutako Victorious
Praise diskoagatik GMWA Excellence saria lortu zuen urteko artista
onenagatik. Bi urteren buruan In the Church argitaratu zuten eta
Glory, Honor And Paradise 2000ko abuztuan, non Gloriak abestiak
idazteko zuen gaitasuna agerian utzi zuen. Determined, laugarren
diskoa, iaz kaleratu zuten eta bertan agertzen diren Your Joy is
Caming goxoa eta Its The Lords Doing testigantza-kantua
nabarmentzen dira.
Boskote arrakastatsua
Gospel kontzertu bakarra izango da Irungo Amaia Kultur Zentroan
abenduaren 13an a capella abesten duen The Persuasions
talde historikoa arrakastatsuaren eskutik. Boskotearen sustraietan
Estatu Batuetako hegoaldeko giro landatarra eta iparraldego giro
industriala biltzen dira eta ezaugarri horiek erabilita sortutako
musika joerak, jarraitzaile ugari ditu gaur egun.
Kantagintzan 40 urte baino gehiagoko ibilbidearen ondorioa da, argitaratutako
hogei diskotik gorako bilduma, non doinu tradizionalak eta gospel
soilari eskainitako lanak tartekatzen diren. XX. mendeko doinu ugari
egokitu dituzte eta arlo horretan, harrera izugarria izan dute ,
besteak beste, Beatlesen kantekin egindako The Persuasions sings
The Beatles diskoa, Grateful Dead taldearen doinuekin argitaratutako
Might As Well-The Persuasions Sing Grateful Dead edo Frank Zapparen
kanten bilduma Frankly A Cappella-The Persuasions Sing Zappa.
1988an Herbert Toubo Rhoad taldekidea zendu bazen ere,
urte oparoak hasi ziren boskotearentzat, 1990ean Spike Leek telebistara
eraman baitzituen ikuskizun berezia egiteko eta urte berean argitaratu
zuten Do it A Cappella diskoa. Azken lan horrekin instrumentu gabeko
kantuek zegokien tokian jarri zituzten.
ABENDUAK
10-17 DICIEMBRE
BEGIRATU AGENDA
|