|
|
abal
gunea
|
ona
Abierta
|
Trantsiziozko
azoka
Durangoko
Liburu eta Diska Azokak eraikin berri eta finkoarekin ekingo dio
38. edizioari abenduaren 4tik 8ra, bere ibilbidean zehar espazio
desberdinetan kokaleku izan ondoren. Landakoko etorbideko orubean,
azken zazpi urteotan azokak babesa hartu duen karpa erraldoia finkatua
egon den toki berberean eraiki du Udaletxeak 4.200 metro karratutako
hegoitza. Gerediagako Elkartekoen esanetan aurrerapausu honek urteetan
itxarondako amets preziatuetako bat egi bihurtzeaz gain, garai berri
bati ekitea ere suposatzen du etorkizuneko erakustaldiek hartu beharreko
norabidea erakustsiko baitu.
Berrikuntzak non nahi
Trantsizioko Azoka deitu duten honetan nobedadeak ez
dira faltako. Euskal literatur eta musika bilgune nagusienetakoa
den heinean argitaletxe, disketxeek eta gainontzeko enpresek beraien
berrikuntzak aurkezteko erakuslehio ofizialtzat hautatu dute urteen
poderioz. Aurtengoan ere 271 salmahai izango dira ikuskai, orotara
630 nobedade batuz. Liburuen edizioan beheran-tzako dinamika darrai,
batez ere gaztelerazko proposamenei dagokionez, halaber, 393 ale
erakutsiko dira %91 euskarazkoak izanik.
Disketxeen produkzioak aldiz, gorako bidea darama joan den urtean
baino dozena bat lan gehiagorekin, guztira ehun proposamen inguru
eskeiniz, euskal artista ezagunenen eta bitxikerien arteko aukera
anitzaren barne.
Gerediaga Elkarteko arduradunek azpimarratu bezala teknologia berrien
presentzia gero eta nabarmenagoa da Azokan. Edizio digital, software
eta bestelako produktuak eskuratzeko aukerarik egongo da bertara
hurreratuko diren hamaika enpresa eta elkarteen eskutik. Hildo beretik
eta aurreko edizioekin alderatuz, aurten ez da banatuko katalogorik,
baina interesatuek CD-ROM bat izango dute eskuragarri argitarapen
guztiekin. Honekin batera www.durangokoazoka.com orrialdean gaurkotutako
informazioa egongo da. Webgune berezian, bestalde, bederatzi erakundek
beraien ekoizpen digitala erakutsiko dute.
Azokak urtero gai bat jorratzen du mahai inguru eta bestelako ekitaldiak
antolatuz. Aurtengoan, orohar, irratigintza eta konkretuki beronek
euskaren bultzadan izan duen garrantzia izango du abiapuntu. Era
berean, ohorezko Argizaiola Gerardo Bujandari emango
diote. Euskal irratigintzan lehenengotariko esatarietako bat izaki,
hasierako urte latzetan buru belarri aritu zen. Gerediagak, nolabait,
golardo honen bidez urte beltz haietan gogor borrokatu zuten guztiak
saritu nahi ditu.
Ahotsen ekina
Bujandak Euskal Herriko eta kanponko irratiekin harremanak izan
zituen. 1965tik 1977ra, hain zuzen, Juan de Igeldo goitizenarekin
Venezuelatik emititzen zuen Euzkadi Irratian aritu zen Hego Euskal
Herriko berriak bidaliz. Urte batzuk arinago, oraindik Franco agintean
zela, Loiola Irratiaren sorreran parte hartu zuen.
Azokak dirauen egunetan era guztietako ekitaldiak antolatu dituzte.
Gaztetxoenentzat Teleskopio antzerkiaren eskutik Abentura bat hegan
ikusgai egongo da abenduaren 4 eta 5ean. Kriskitin dantza konpainiak
hainbat egunetan Durango Folk 2003 emanaldia eskainiko du Xiglar
Zaragozako taldearekin batera. Bestalde abenduaren 7an, San Agustin
Kultur Gunean, Ruper Ordorikaren kontzertua ikustera hurreratzeko
aukera egongo da, Bernardo Atxagak Etiopia, jada hogeita bost urte
bete dituen, poema liburuaren inguruan burutuko literatur ekitaldia
bukatu bezain laster.
|