|
|
ntzerkia
|
te tro
|
Nortasunaren
bila
GROAU!
Egilea: YOLANDA ARRIETA
Aktoreak: BELEN CRUZ, MIREN GOJENOLA, NIKO LIZEAGA
Musika: JABIER MUGURUZA
Eszenografia, atrezzo eta jantzien diseinua: LAIA
SANTOS BREGAÑA eta ANNE IBAÑEZ
Argiztapen diseinua: XABIER LOZANO
Zuzendaritza: AGURTZANE INTXAURRAGA
Ekoizpena: HIKA TEATROA S.L. |
Ezberdin
sentitzearen eta nortasunaren bilaketaren inguruan gogoeta egiten
du Hika Teatroaren Groau! ikuskizun berriak. Azkenengo hau areto
barnean antzezten duten haurrentzako bigarren lana izango litzateke,
aurrenekoa, Garbi Losadak zuzendutako Aguro izan baitzen.
Lan honi ekiteko ideia kasualitateari zor zaio. Iaz, Eusko Jaurlaritzak
ematen dituen diru laguntzen deialdian bat egin zuten Yolanda Arrieta,
Groau! lanaren egileak, eta Agurtzane Intxaurragak, Hikako kide
eta proiektua zuzentzeaz arduratu dena. Ixa gure azken lanaren
gidoia aurkeztera gindoazen Arantza Urretabizkaia eta biok. Bertan
Yolandarekin topo egin genuen eta geuk nahi genuenean, bere lanen
bat taularatzeko prest egongo litzatekela jakinarazi zigun. Azkenik,
diru-laguntza jaso zuen testua idazteko eta amaitu ondoren, froga
bat bidali zigun, ia zer iruditzen zitzaigun, dio Intxaurragak.
Egitura klasikoa
Istorioak Txano Gorritxu, Edurne Zuri eta antzeko ipuin klasikoen
egitura darrai. Protagonista, Mitsi katakume nerebea dugu. Identitate
krisia bizi du eta, nortasuna bilatzeko helburuarekin, abentura
bat hasiko du hor nonbait. Ibilbide horretan Erbiron, Azerito edo
Katagorria ezagutuko ditu eta, besteak beste, txakurren herrira
ere iritsiko da.
Antzezpena hiru eta zortzi urte bitarteko umeentzat egokitu dute.
Adin tarte zabala izanda ere Agurtzane Intxaurragaren esanetan antzezlanak
baditu txikienak eta nagusienak erakartzeko haina elementu emozio
eta istorioaren gorabeherekin jokatuz.
Oinarrizko testutik taula gainean ikusiko den muntaira badira aldaketak,
halaber, egilearen aldetik ez da inolako eragozpenik egon, alderantziz,
Arrietak berak ere parte hartu baitu gidoiaren egokitzapenean. Egitura
klasikoa izaki, eszenaratzerakoan modernitatea edo egungo ikutua
ematen saiatu dira. Nire lan egiteko era oso bisuala da eta
garrantzi handia ematen diot alde horri. Eszenak, organikoa atera
behar du baina partitura bat balitz azaltzen saiatu naiz, beraz,
mugimendu guztiak behar bezala zehaztu eta neurtuak daude
dio Intxaurragak.
Hirukoa eszenan
Konpainiak hiru aktoreentzako zeukan proiektua planteatuta eta arlo
honetan ere izan dute lanik. Aukeratutako antzezle hirukotetik Miren
Gojenola da Hikako kide bakarra, Belen Cruzek orain hiru urte utzi
baitzuen taldea; halaber, kontaktu zuzena izaten jarraitzen du muntai
honetarako konpromezua hartu duelarik. Bestalde, Niko Lizeaga konpainiakoentzat
ezaguna den aktorea ere bada proiektuaren barne. Kreazio prozesua
azkar xamar joan da eta denbora ez dugu soberan izan. Zentzu honetan
aktoreen lan egiteko era ezagutzea ikaragarrizko abantaila izan
da, kontutan izanik gainera Belen izan ezik, bai Mirenek eta bai
Nikok bosna pertsonai antzezten dituztela dio zuzendariak.
Bestalde, musika eta eszenografia sorkuntzan kolaborazio interesgarriak
izan dituzte. Santos Bregaña eta Anne Ibañezek osatzen
duten Laia konpainiak burutu ditu jantzi, atrezzo eta
eszenako elementuak. Antzerki proiektu baterako lan egiten
duten lehen aldia da baina badakigu diseinu mailan ospe handia dutela;
are gehiago, orain gutxi mundu mailan sari garrantzitsua jaso omen
dute. Lan honetan papiroflexian oinarritu dira bai pertsonaien egokitze
zein eszenografia eratzeko, aurreratzen du Intxaurragak.
Erritmo
ezberdinak
Jabier Muguruzak, bestalde, aktoreek abesten dituzten kanta eta
orohar antzezlaneko musika guztia sortu du. Hikakoek berarekin kolaboratzen
duten lehen aldia bada ere, taldekoek bazekiten umeen mundua ez
zitzaiola arrotz egiten literatura mailan haurrentzako ipuinak eta
abar idatziak izanik. Ondorioz, testua helerazi zioten eta asko
gustatu zitzaionez baiezkoa eman zien. Ekainean ikuskizunaren
zirriborro txiki bat egin genuen aukeratutako erritmoak aztertzeko,
testuak eta gainontzeko baliabideek balio zuten frogatzeko. Muguruzarekin
aldez aurretik izan nuen hartu-emana baina froga honen ondoren nondik-norakoak
argiago ikusi zituen. Esan beharra dago, anitz erritmo konbinatzen
dituela kantuetan salsa edo reggaetik hasita rockera arte
azpimarratzen du zuzendariak.
Seda
Orain lau urte Hikak bide berri bati ekin zion. Euskarazko lanak
soilik egitetik bere lan baten erdarazko bertsioa eskaintzen hasi
ziren merkatua zabaldu nahirik. Beraz, abendura begira gaztelaniazkoari
ekitea pentsatzen dute.
Honekin batera badute esku artean konpainiarentzat aurrerapausu
ikaragarria suposatuko duen formatu handiko proiektu bat. Alessandro
Bariccoren Seda obra taularatzear daude eta, dagoeneko Intxaurragak
eta Arantza Urretabizkaiak aurreratua dute gidoia. Lasaitasunez
hartzeko erabakia hartu dute aurten produzitzeko hainbat saiakera
eginak baitzituzten, baina denbora eta zirkustantziak kontra izan
dituzte. Horregatik Hikako kideek, bere buruari konpetentzia ez
egitea erabaki dute eta urrirako atzeratzu dute plangintza guztia.
Yolanda Arrieta
Antzerki eta literatura gaiekin erlazionaturiko lana burutu du urteetan,
antzezpen eta idazketa tailerrak koordinatuz edota gidoigile gisa.
Bestalde, 90. hamarkadaz geroztik, hainbat testu dramatiko eta ipuin
ere argitaratu ditu eta zenbait literatur sari jaso ere, tarteko
Begigorriaren erlojua lanagatik 1992an jasotako Ediciones SMen Bapore
saria.
IRAILAK
19 SEPTIEMBRE (18.00)
SAN AGUSTIN KULTUR GUNEA - DURANGO
|