|
|
|
Euskal Herria
Egunez Egun |
Hamabi orduko kale antzerki
maratoia
Zortzi euskal konpainien lanak izango dira ikusgai Usurbilgo I. Kale Antzerki Egunean’
Antzerki zaletuek eta batez ere kale antzerkiarekin gozatu nahi duten haur zein nagusiek, aukera berri bat dute datorren apirilaren 12an ospatuko den Usurbilgo I. Kale Antzerki Egunean. Donostialdeko herri honetako Udalak, Alex Tello eta Ixabel Agirresarobe aktoreekin elkarlanean antolatutako ekimen hau, eguerdiko hamabietan abiatuko da Zuberoako Pierre Vissler eta Dominika Rekalt pailazoekin. Herriko frontoian izango da ikusgai klown bikote honek taularatuko duen Clowns Pilotariak ikuskizun dibertigarria. Egiazko pilota partidu gisa, eta mimoa hitza baino gehiago erabiliz, bertaratutako ikuslegoa antzezten dituzten ekintza irrigarri bezain poetikoetan murgiltzera gonbidatzen dute.
Gauerdira arte iraungo duen antzerki jai honetan beste zazpi ikuskizun ezagutzeko parada izango da, guztiak euskeraz antzeztuak. Herriko Kaskoan burutuko dira gehientsuenak, besteak beste, Txerriki usurbildarrak aurkeztuko duen Txarraka... show!. Arratsaldeko saioei, umorea, poesia eta gorputz-adierazpena uztartzen dituen 4 mimo taldeak Artzabalen antzeztuko duen 20 min. izeneko ikuskizunarekin emango zaie hasiera; Maider Yabar eta Gloria Peonek osatzen duten Azulkillasek berriz Grabitateari bueltaka lanarekin gorputz geometrikoekin jolasten arituko dira herriko frontoian, aire akrobazia eta lurrean egindako saioen bidez grabitate indarrari aurre eginez. Zarautzeko Alproja taldeak bidaia berezi bat proposatuko die Dema Plazan bildutako ikusleei Aurki antzezlanarekin. Galdera andana erantzuteko xedez abiatutako bidaia honekin, mugen bakardadetik elkartasunera eta elkartasunetik batasunera doan ibilbidea eskainiz.
Kolax pasaitarren eskutik Bixo-tzerrenak helduko dira Usurbilgo Kaskora. Eskaleak bailitzan, Bixotzerrenek zaborra arakatzen dute, sosik gabe, lotsarik gabe, ez dute beldurrik, gurdi txiki batetan gorde dezakete duten apurra eta nahiz eta jendeak miserable gisa ikusten dituen, pertsonai berezi hauek gizakion bihotzean dagoen zaborra, zabarra islatzeko abilezia erakutsiko dute. Ilunabarrarekin batera, Kaskoan zehar, meloi saltzaile familia bat bere kamioia lagun duela hemendik hara ibiliko da, Atikus talde nafarraren Meloien kamioia heldu da! ikuskizunarekin, ogibide honen nondik norakoak eta bereziki, familia bitxi honen irudimenezko mundua ezagutzeko parada eskainiz. Gauerdia heltzean, Hortzmuga talde bizkaitarrak Kaskotik Dema Plazara bitartean bufoi bihurriz osatutako inauteri kutsua duen 12K izeneko kalejirarekin Kale Antzerki Egunari amaiera emango zaio.
|