Maiatzeko bigarren astetik hasita ez dira denetariko kultur ekintzak faltako Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian. Herriko ikastetxe ezberdinen eta Udalaren Hezkuntza sailak bultzatuta hilaren 5etik 8ra bitartean Umeen Antzerki Astearen XX. edizioari ekingo diote emanaldiak goiz ta arratsaldez burutuko dituztelarik. Aste bereko larunbatean, maiatzaren 10ean hain zuzen, Gu ta gutarrak (bertso berriak eta lagun zaharrak), bertsoa eta musika oinarri duen Lankuk kudeatutako proiektua taulagainean ikusteko aukera egongo da. Herri-musikatik abiatuz rockaren eragin nabariekin sorturiko doinuz jantziko da emanaldia. Bertan Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolariek, Josu Zabaleta, doinu guztien egileak eta soinu txiki, akordeoi eta teklatuaren arduradunak, eta Aitor Rubio gitarra akustiko, elektriko, perkusio, alboka eta aho soinuaren arduradunak parte hartuko dute.
Fundación Anabe eta Grupo de Teatro La Manchak, Almudena Sánchez Pascualek egindako Plautoren La Olla obraren bertsioa ezagutaraziko dute maiatzaren 11an. Diru-gose edo zuhurraren figura sarritan izan da irudikatua antzerkiaren historian eta Plautok, komikotasunaren bidetik perfil honi erantzuten dion pertsonaiaren istoria hurreratzen du. Almudena Sánchez Pascual, lanaren egokitzapena burutzeaz batera zuzendari lanetan ere aritu da. Besteak beste, Ángela Gutiérrezek, José Antonio López Montesek, Salvador Hervásek, Paco Molinak, Antonia Maxía eta José Ramón Delgadok osatzen dute ikuskizun honetako aktore taldea.
Hilaren hirugarren asteburuko ekitaldiei Ballet Biarritz Juniorren hirugarren promozioak eskeiniko duen Gari beltza lanak emango die hasiera maia- tzaren 16an. Orotara hiru pieza batzen dira ikuskizun bakarrean, eta hirurak Thierry Malandain koreografoak landu ditu. ‘Gnossiennes’ lanak zabalduko du emanaldia, bertan Érik Satie konpositorearen eta pianojolearen musika oinarri hartzen da. Obra izpilu bat izango balitz bezala aurkezten da, ballet barra bat eszenatoki erdian jarrita bere ingurunean dantzariak aireko-akrobata gisa arituko direla. Bigarren pieza, ‘Blé noir’, Bretaniako musika tradizionalaren erritmora dantzatutako binakako lan bat da. Hirugarren eta azken muntaiak berriz, ‘Danses qu’on croisek’, aspaldiko kafe eta saloien festa giroa islatzen du, Johannes Brahmsen dantza hungariarren musikarekin bat eginez.
Euskal Kantuzaleen Elkarteak eta BBK Fundazioak antolatutako Euskal Kantu Txapelketaren Bizkaiko finalerdikoa ospatuko da hilaren 17an eta hurrengo egunean, umeek Txotxongilo taldaren Erreka Mari lana ikusteko aukera izango dute. Antzezlanak, euskal mitologiaren pertsonai ezagunen inguruko kondaira hurreratzen du , momentu oro txalapartaren zuzeneko doinua tartekatzen delarik.
Matxalen Bilbao dantzari eta koreograforaren Haiku 4 muntaiak amaiera emango dio Lizeo Antzokiko maiatzeko programazioari. Ikuskizunaren izena japoniako ‘haiku’ olerkietatik hartua da eta helburua mugimenduaren eta idazkeraren arteko harremana erakustea da. Bilbaoren hitzetan, “idazkera kontzeptua mugimendu kontzeptuagatik ordezkatu dut, gorputzak idazten duenean tentsio zehatz bat duelako, muskuluen tonu zehatz bat (...) inork ez du besteak bezala idazten eta dantzan gauza bera gertatzen da”. Bego Cregok, María Martínek eta Matxalen berak parte hartzen dute lan honetan.