|
|
|
Euskal Herria
Egunez Egun |
Bakarrizketa zikloa hiru
jardunalditan
Tolosako Leidor Aretoan ikusgai izango dira El Brujo, Joxe Ramon Soroiz eta Maite Merinoren Konpainiak eskeiniko dituzten lanak
Gau partean ekingo diote Tolosako Leidor Aretoan Bakarrizketa ziklo bereziari maiatzaren 23, 24 eta 25ean. Rafael Álvarez ‘El Brujo’ artista beteranoak emango die hasiera emanaldiei Lazarillo de Tormes bere ikuskizun adierazgarrienarekin, zeinari esker jada 25 urte bete dituen taulagainean. Fernando Fernán Gómezek XVI. mendeko testu esanguratsuenetakoa den lan honetatik eginiko egokitzapena du abiapuntu ikuskizun honek eta El Brujoren esanetan “bertsio honetan lengoaia eta abenturak gaur egungo ikuslearengandik hurbil antzematen dira”. Marjinalitatea, gosea eta haurtzaroan bizi izandako pasarte latzen inguruko gogoetak batzen ditu obrak eta kontalariak, bufoi edo juglare baten azalean, pasio eta sentimentu osoz helerazten dizkio ikusentzuleari bizipen guzti hauek.
Maiatzaren 24an Joxe Ramon Soroizen txanda izango da, oraingoan malenkoniaz eta umorez beteriko bakarrizketarekin. Sommer Jaunaren istorioak Patrick Süskind idazle alemaniarraren eleberri laburra du oinarri. Katalunian aspaldidanik taularatua izan da bakarrizketa hau eta Lourdes Oñederrak euskaratzearekin batera Soroizek eszenara eramateko kompromezua hartu zuen. Aktore gipuzkoarra elaberri laburreko protagonistan bilakatzen da, haurtzaro eta nerabetasuneko pasarteak gogora ekar-tzen dituen pertsonaia sortuz. Bere oroitzapenetan zehar egiten duen ibilaldietan gizon misteriotsu baten irudia agertzen da behin eta berriz, Sommer Jauna, auzokide ilun eta kezkagarria.
Emakumeen lurraldean
Zikloa borobiltzeko maitzaren 25ean emakumeak protagonista diren bakarrizketa aurreikusia dago Tolosako Leidor Antzokian. Maite Merinoren konpainiak Monólogos de la vagina Eve Enslerren textuetan oinarritzen den an-tzezlana taularatuko du. Umorea inondik inora alderatu gabe hausnarketa bultzatzen duen eta aldarrikapenak ere bere txokoa duen lana da hau. Bertan era guztietako emakumeek sexuarekiko duten eritzi eta harremana ageri da, Ensler adin ezberdinetako berrehun bat andrerekin elkarrizketatu zen testua behar bezala gorpuztu ahal izateko. Maite Merinoren Konpainia fidel mantendu da orohar autore estatubatuarraren lanera. Egin dituzten eraldaketak gutxienekoak izan dira, besteak beste, lengoaiarekin loturiko zenbait zehaztasun txiki eta bakarrizketa batetik bestera pasatzeko elementu eta musika ezberdinen erabiltzea, ezenaratze dinamiko eta ulerterrazago bat lortu nahiean.
|