Estrenos

Jon Urrazak ‘Bestela ondo… ezta? lana estreinatuko du

Jon Urraza aktore, idazle eta zuzendariak berak sortutako Bestela ondo… ezta? deituriko ikuskizuna estreinatuko du azaroaren 19an Santurtziko Kresala Aretoan. Helduentzako umorezko antzezlan honetan bi pertsonaien arteko nahasketa islatzen da, bata ‘Aitor’ aktorea eta bestea berak sortutako ‘Lander’ fikziozko pertsonaia.

Bestela ondo… ezta? antzezlanak ‘Aitor’ eta ‘Lander’en nahasketa hartzen du abiapuntu, agerraldia hastear dagoela Aitorri arazo pertsonalak eta antzezlanekoak nahastuko zaizkio. Bere bizitzan dituen urgentziak, elkargurutzatutako arrazoi ezberdinengatik, funtzio egunean eskenatoki gainean gorpuztuko zaizkio. Bere helburu nagusia funtzioa aurrera ateratzea izango da, baina, arazoak leku guztietatik etorriko zaizkio eta bere burua psikoanalizatzen hasiko da, ‘Maitane’ bere neskaren aholkua jarraituz. Hasieran terapiak parodiatuko ditu eta euskaldunok terapietan daukagun jokabideaz barre egingo du, geure sentimenduak jende aurrean irekitzeko ditugun arazoak, parodiatzen hasiko da. Baina azkenean, berak ere izango du bere barrukoa ateratzeko ‘beharra’, nahiz eta bera “oso normala izan”…

Baina ‘Lander’, ustez desorekatua dagoen bere pertsonaia, matxinatuko zaio eta aktorearen trapu zikinak aireratzen hasiko da, gidoia alde batera utziz, berak dituen arazo guztiak ‘Aitorren’ buruan sortu baitira; eta hori konpontzen saiatuko da. Biek ere, euren gaur eguneko arazoak justifikatzeko, aitzakiarik zentzugabe barregarrienak, iraganean bilatuko dituzte.

Umorez betetako antzezlana, erritmo bizikoa, umore beltzeko ukituekin eta momentu oro politikoki zuzenegia izango ez dena. Azkenean txarto dagoen tipo baten aitzaki eta susperraldi animikoez barre egitea, ez baita politikoki zuzena, ala bai?

Ikusleek, antzezlana batetik, eta ‘Aitorren’ bizitzako arazoak bestetik, nahastuta ikusteko aukera izango dute, erritmo biziko, koktel eztandagarri bat lortuz; ‘Lander’en laguntza paregabearekin.

Santurtziko Kresala Aretoan eskainiko duen agerraldiaz gain, Bestela ondo… ezta? ikuskizuna Donostiako Loiola auzoan eszenaratuko da azaroaren 21ean, Bilboko Begoñako Udaltegian 26an eta Getxoko Pepper’s Irish Puben abenduaren 2an, azken hau Gertxoko Umore Jardunaldien barne.

Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba