El Chivato

Donostia Antzerki Saria Chimères-en ‘Kaukasiar Kreazko Borobila’ lanarentzat

Biarritzeko Chimères Antzerki Taldeak lortu du aurtengo ‘Donostia Antzerki Saria’ Kaukasiar Kreazko Borobila, konpainia lapurtarrak ezagutzera eman duenez. Aurreko urtean Donostiako eszenatokietan eskainitako euskarazko antzerki lan onenari emandako saria, martxoaren 27an jasoko du Chimèresek ‘Antzerkiaren Nazioarteko Egunaren’ baitan. Donostia Antzerki Saria 2001ean sortu zuen Donostiako Udalak, euskarazko antzerki profesionala sustatzeko eta indartzeko asmoz. Sarian parte hartzen dute aitzineko urtean Donostian programatutako euskarazko ikuskizun profesionalek, publiko helduei zuzendutakoak.

Sari horregatik, diru kopuru bat emango zaio konpainiari saria banatzen den egunean eta beste diru kopuru bat jasoko du hurrengo urtean, ikuskizun berri bat Donostian estreinatzen duenean.

Sari banatze egunean, taldeari beste emanaldi baten eskaintzea proposatua izanen zaio, zein Antzoki Zaharra aretoan izango den. “Egun horretan antzeztuko den ikuskizunaren kaxeta ere ordainduko zaio” konpainiari, Chimèreseko kideak azpimarratu dutenez.

Théâtre des Chimères konpainiak, Pok Produkzioak eta Théâtre de l’Ephemere taldeekin batera ekoiztutako Kaukasiar Kreazko Borobila, euskal antzerkigintzan azken urteotan izandako ekimenik ausartenetarikoa da, Bertolt Brecht-ek 1944. urtean idatzitako obra eszenatoki gainera eramateko 17 antzezle eta 4 musikariren partaidetza behar izan baita.

Obrak Salomonen parabola ezaguna du oinarri, baina auzia areagotu egiten du. Istorioak bi komunitateren arteko gatazkarekin hasten da. Batzuek, abeltzainek, gerraren eraginez, urteak pasa dituzte erbesteratuta. Besteek, bitartean, haien landak fruitu-arbolaz bete dituzte. Baina gerra amaitzean, ganaduzaleek euren lurrak eskatzen dituzte. Arazoa ezin konpondu eta hara non agertzen den antzerki talde bat, arazoari argitasuna emango dion antzezlana taularatzeko proposamenaz. Horrela, Groucha zerbitzaria eta Natella gobernadorearen emaztearen artean, azken honen semea den Michel nork zainduko lehia kontatzen duen istorioa plazaratzen dute.

Jean-Marie Broucaret Chimères taldeko zuzendariak dioenez “duela 40 urtetik hona bizi naiz Euskal Herrian, eta nahiz eta euskaraz ez dakidan, hizkuntza horretan lan egiten duen jendearekin harreman estua izan dugu Chimeres-en, Txomin Heguy kasu. Horrek nire buruan zenbait galdera sortarazi ditu, hala nola, ia euskal herritarra naizen ala ez, ia nire nortasuna zein den”. Kontu hauetan sakontzeak “helburu intimoa” duela, Brechten antzezlana plazaratzea otu zitzaion. Izan ere, Brechten lanak gai hori du hizpide: lur bat nori dagokio? Ondare bezala jaso duenari ala lantzen duenari? Eta haurra, nori? Munduratu duenari ala hazi duenari? Zuzendariaren aburuz, Europa mailan komunitatearen hausnarketa puri-purian dagoen momentu honetan, hobe da ikuspuntu oso partikularretatik aztertzen hastea. “Egun, munduaren irakurketa gauza zehatzetan egin behar dugu, orokorra dena baztertuz, Eta nire partikularra, Euskal Herria da”.

Horrez gain, zuzendariak azpimarratu digunez, Brechten antzezlanak beste irakurketa asko eskaintzen ditu, hala nola, onak izatearen arriskuen inguruan. Izan ere, Grouchak den-dena uzten du haurraren bizitza salbatzeko, baina soldaduek harrapatzen dutenean, porrota erabatekoa da, bai haurrarekiko baita bere bizitzarekiko. “Honen inguruan, Brechtek instituzioen aldaketa eskatzen du, azken finean laguntza politikoak bermatzen duen justizia barik, ezinezkoa zaigulako onak, zuzenak izatea. Ondorioz, antzezlanak gizabanakoaren bulkada eta antolakuntza politikoaren beharra parez pare jartzen ditu”, azaldu digu Broucaretek.

Hamasei jokalari, komediante-kantari bat eta lau musikari bilduko dituzte taula gainean, tartean, mugako bi aldeetako euskal herritarrak, kubatarrak eta afrikarrak. Dantza eta kantuek presentzia nabarmena izango dute muntaia osoan zehar, zeinean kaukasiar eta euskal kultura uztartzen diren obraren barneko erritmo eta energia berezia sortuz.

Horrez gain, Broucaretek, Brechtek proposaturiko istorio metateatralarekin jokatuz, muntaiari hirugarren maila erantsi dio eta ikuslegoak zera ikusiko du: gaur egungo antzezleak iraganeko nekazariena egiten, azken hauek kreazko zirkuluaren istorioa antzeztu behar dutelarik. Horrela, zuzendariaren aburuz, Brechtek berak obra honetan proposatzen zuen bizitza eta antzerkiaren arteko erlazioa estutzea lortuko dute, “egileak pertsonaiek jasaten duten arazoa benetakoa dela gogorarazten baitigu. Hortaz, ikusleriak, momentu bakoitzean, bizitza edo antzerkia ikusten ari den galdetu beharko dio bere buruari. Eta gure muntaian, erlazio hori sakonki emango da, nolabait, hiritar elementua antzezle-pertsonai batengan gaineratu dugu eta. Horretan datza gure lanaren gaurkotasuna, hots, antzerkia eta bizitzaren arteko joan-etorrietan”.

Estetikoki ere Kaukasiar kreazko borobilak ekialdeko zein Euskal Herriko ukituak izango ditu. Gerra ondorengo istorioa izanda, dena soberakinez egina balego bezala agertuko da, behin-behineko eraikinak bailiran. “Apurtutako kultur zatiekin kultur berri bat eratzera dihoaztela dirudi, nahiz eta hau antzinakoarekin konparatuta alde handia izan dezakeen”, aurreratu digu zuzendariak.

Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.

Botón volver arriba