Festivales

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 49. Ekitaldiko Sail Ofizialaren aurrerapena

Ia erabakita dago datorren irailaren 20tik 29ra bitartean gauzatuko den Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 49. ekitaldiko Sail Ofizialaren programazioa. Hemen eskaintzen dugu Urrezko Maskor preziatuagatik lehiatuko diren hainbat izenbururen aurrerapena. Nazioarteko epaimahai batek erabakiko du saria nori eman. Aurtengo Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko Sail Ofizialaren ezaugarri nagusia aniztasuna da, filmetan agertzen diren gaiak, egoerak, espazioak eta garaiak oso desberdinak baitira elkarren artean: gaurkotasun konprometituenetik (En construcción, Escape to Paradise) usteltzen ari diren munduen errealitateraino (Butterfly Smile, Lantana, Taxi para tres, Truly Human); benetako gertaeren berreraikuntza historikotik (Juana la Loca, La fuga, The Grey Zone, Visionarios) fantasia mugagabe edo abentura epikoraino (Magonia, The Warrior); dramatik (Last Orders) komediaraino (Le vélo de Ghislain Lambert). Nazioarteko zinemaldietara aurkezten den zinearen barruan, bide eta sortzaile berriak aurkitu nahi izan dira Sail Ofizialerako egin den hautaketan, eta esan behar da lehen mailako aktoreen interpretazioak eskaintzen direla.
BUTTERFLY SMILE, He Jian Jun, Txina. Neguko gau bat Pekinen. Emakume gazte eder batek autoarekin gizon bat harrapatzen du eta ihes egiten du. Argazkilari bat dauka zelatan, emakumeak ez dakiela, eta ikusi egiten du. Hortixe abiatzen da obsesioaz, sedukzioaz eta erruduntasun sentimenduaz mintzo zaigun film hau. Guztia argazki batean kontzentraturik: «Tximeletaren irribarrea».
C’EST LA VIE, Jean-Pierre Améris, Frantzia. Jean-Pierre Amérisen azken pelikula hau Marie Hennezelen “Heriotza intimoa” liburu ospetsuan oinarritutako lan hunkigarri eta apaindura gabea da. Ez da alferrik aipatutako obra hori heriotzari duintasunez nola aurre egin erakusten duen benetako eskuliburua. Bi aktore bikain dira –Jacques Dutronc eta Sandrine Bonnaire– istorio honetako protagonistak: gizon bat, gaixotasun sendaezin baten mendean, bizitzako azken uneak gozatzen laguntzen espezializatutako eritegi batean sartzen da.
EN CONSTRUCCIÓN, José Luis Guerín, Espainia. Pazientzia da zinegile sailkaezin honen bertute handienetakoa. Horregatik jarraitu ahal izan du, hiru urtez, Bartzelonako “barrio chino” zelakoaren bihotzean altxatu duten eraikin baten eraikuntza prozesua. Historia, bizitza eta zinea nahasten dituen lan hau hautatzean, esperientzia berrietara ireki da Zinemaldiko lehiaketa ofiziala.
ESCAPE TO PARADISE, Nino Jacusso, Suitza. Kurdu familia bat Suitzara heltzen da eta hainbat paper zuzendu beharrean gertatzen dira aterpe politikoa lortu ahal izateko. Pertsonaien eta bizi dituzten egoeren trataera errealista da –manikeismo eta dogmakeria gabea– film honen erakargarritasun handiena. Gainera, XXI. mendeko Europan gaurkotasun betea duen gaia plazaratzen du: nahitaezko emigrazioa, dela politikagatik edota ekonomia arrazoiengatik.
LA FUGA, Eduardo Mignogna, Argentina-Espainia. Berak idatzitako eleberrian oinarriturik egin du Mignognak pelikula hau: Buenos Airesko kartzela batetik zazpi presok ihes egiten dute, 1928ko udan. Lehen mailako hainbat aktoreren lana –Miguel Ángel Solá, Ricardo Darín eta Norma Aleandro buruan direla– funtsezkoa da azkenaldi honetan argentinar zineak eman duen film erakargarrienetakoa den honetan.
THE GREY ZONE, Tim Blake Nelson, EE.BB. Miklos Nyiszli –Auschwitzeko kontzentrazio esparruko mediku ikerketa beldurgarriak zuzentzeko Josef Mengelek hautatutako hungariar judua– doktorearen idatzi autobiografikoetan oinarriturik, beren herrikideen borrero izatera behartutako bost presoren istorioa kontatzen da filmean. Harvey Keitel, Mira Sorvino, Steve Buscemi eta David Arquettek hartu dute parte, gehiagoren artean, pelikula pertsonal eta sentitu honetan.
JUANA LA LOCA, Vicente Aranda, Espainia. XVI. mendean girotutako amodio zoro baten istorioa, Arandak bere ikuspegi partikularretik kontatua. Pilar López de Ayala da filmeko protagonista. Lehen aldiz ausartu da Vicente Aranda pertsonaia historiko batean oinarritutako –Errege-Erregina Katolikoen alaba zen Joana Gaztelakoa erregina– garaiko pelikula bat egiten, eta haren filmografiako izenburu arriskatuenetakoa da.
LANTANA, Ray Lawrence, Australia. (Zuzendari Berriak Sarirako lehian). Thriller psikologiko indartsua. Maila bikaineko aktore taldea du protagonista, Anthony LaPaglia, Geoffrey Rush eta Barbara Hershey buruan direla. Ray Lawrenceren bigarren lan hau (Bliss izan zen lehena, 1985ean Canneseko sariketara aurkeztua) Australiako zinemako aurtengo arrakasta handietako bat izan da.
LAST ORDERS, Fred Schepisi, Britainia Handia. Sir Michael Caine, Tom Courtenay, David Hemmings, Bob Hoskins, Helen Mirren. Horiexek dira Graham Swiften eleberri batean oinarritzen den film honetako aktore ospetsuak. Londresen hegoaldeko langile-auzo batean bizi den lagun talde bat da protagonista. Taldekide bat hiltzen da eta “azken agindua” uzten die bere lagunei, bete dezaten.
MAGONIA, Ineke Smits, Holanda. (Zuzendari Berriak Sarirako lehian). Irudimenaren ahalmenari buruzko filma da Magonia. Aitak semeari kontatzen dizkion ipuin miragarriek osatzen dute ametsetan baizik existitzen ez den herrialde batean gertatzen den istorio honen haria. Georgian eta Frantzian filmatua, Ineke Smitsen debuta urteko harrigarrienetako bat da.
ET RIGTIGT MENNESKE (TRULY HUMAN), Ake Sandgren, Danimarka. Danimarkako zinea bizitasun handiaren frogak eskaintzen ari da, azken urteotan. Ez bakarrik Dogma mugimenduaren bitartez, esku artean dugun film hau ere esandakoaren erakusgarri da. Errealitatea eta irudimena konbinatzen dira xalotasuna eta ankerkeria erdibana dituen istorio honetan: harresi batetik jaiotako izaki bat benetako gizaki izaten saiatzen da. (www.etrigtigmenneske.dk)
TAXI PARA TRES, Orlando Lübbert, Txile. Hiriko Ulises baten odisea pertsonala. Zorrez leporaino dagoen taxilaria da eta lapurreta egiteko erasotzen diotenen bazkide egiten da. Erasotzaileak familia gabeko bi gazte dira eta Ulisesenean etxekotzen dira. Baina gauza bat dira negozioak eta beste bat familia. Ulisesek ez du lortuko lagun berrien mailara iristea. Pelikula honekin, Txileko zinea indartsu berpiztu da bere errautsetatik.
LE VÉLO DE GHISLAIN LAMBERT, Philippe Harel, Frantzia. Kirola baino askoz gehiago da Frantzian txirrindularitza: “grina” nazionala da. Ghislain Lamberten istorioa kontatzen da filmean, 1970eko hamarraldiko ziklista batena, «zeinaren amets bakarra txapeldun izatea baita, eta zorigaitz bakarra haren bihotzak merezi dituen zangoak ez izatea». Harelek komedia ironikoa eta kritikoa egin du, baina, aldi berean, protagonistarenganako samurtasunez betea.
VISIBLE SECRET, Ann Hui, Hong-Kong (Txina). Hiriko mamu istorio bat kontatzen da –oso genero maitea Hong-Kongeko zinematografian– Ann Huiren azken film honetan. Beldurrezko zinearen elementuak eta komediakoak konbinatuz indar handiko intrigazko film beldurgarria eskaintzen da. Ez da ahaztu behar Asiako gaurko zinean funtsezkoa dela emakumezko zinegile hau, 1970eko hamarraldian telebistan debut arrakastatsua egin zuenetik hona.
VISIONARIOS, Manuel Gutiérrez Aragón, Espainia. 1930 inguruko Euskal Herri nekazarian kokatzen da, Errepublikaren azken urteetan, eskuindarrak errepublika deusezteko etengabeko konplot ahaleginetan ari ziren sasoian. Visionarios pelikulak Ama Birjinaren agerraldi harrigarriak eta agerraldi horiek erkidego txiki batean izan zituzten eraginak kontatzen ditu.
THE WARRIOR, Asif Kapadia, Britainia Handia. (Zuzendari Berriak Sarirako lehian). Denboraren oroimenean galtzen da pelikula honetan kontatzen den istorio epikoa: Lafcadia gerrariaren iniziazio bidaia, Rajasthango basamortutik abiatu eta Himalaiako gailur elurtuetara iristen den arte. Ikusgarritasun handiko lehen film luzea egin du, duela hiru urte, Cannesen, The SheepThief luzera ertaineko filmarekin ikusleen arreta erakartzea lortu zuen zuzendari angloindiar honek.
Argazkiak ondorengo helbidean ikusgai: www.sansebastianfestival.ya.com/2001/argazkiak.htm

Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba