El Chivato

Izagirreren “Metxa” Euskal Herriko antzokietara eramango du otsailean Tentazio

Korrika 13k eta AEKk Koldo Izagirreren “Metxa esaten dioten agirretar baten ibili herrenak” liburuan oinarritutako Tentazioaren antzezlana aurkeztu du gaur Kalderapeko kulturgunean. Lana Korrika-AEK lehenengo bekaren irabazlea da eta horren inguruan hitz egiteko honako hauek izan dira prentsaurrekoan: Eneko Olasagasti antzezlanaren zuzendaria, Koldo Izagirre idazlea, Edurne Brouard Korrika 13ren arduraduna eta Joxe Leon Otaño AEKren koordinatzailea nagusia. Edurne Brouard-ek gogorarazi duenez, Korrika-AEK bekaren helburua Korrika Kulturalean ikuskizun berria plazaratu eta euskal sortzaileei bultzada ematea da. Duela hilabete batzuk egin zen deialdiaren ondoren aipatu lanak irabazi zuen saria, eta ondorioz, saritutako egitasmoak 9.000 euro jaso ditu. Hala, Korrika Kulturalean gutxienez hamar emanaldi egingo dira. Lana, datorren otsailetik aurrera izango da ikusgai euskal antzokietan.
Joxe Leon Otaño AEKren koordinatzaile nagusiak beka AEKrentzat “esfortzu handia” izan dela azpimarratu du, “AEKren diru baliabideak urriak direlako eta azkenaldiko erasoen ondorioz, jakina delako bizi dugun egoera”. Hala ere, ekimena “maila handikoa” izanik esfortzuak merezi duela nabarmendu du.
Joxe Leonen Otañoren hitzen ondoren, AEK-k eta Tentazioak sinatze ekitaldia egin dute, eta ondoren, Eneko Olasagastik Korrika-AEK bekaren saria jaso du.
Koldo Izagirrek, bere aldetik, liburua (“Metxa esaten dioten agirretar baten ibili herrenak”), eta Metxa pertsonaia funtsean bat direla azaldu du. “Metxa oso memoria ahula duen pertsona da, eta ironia handiko kontakizuna egiten du horrek”. Idazleak adierazi duenez, ohorea eta poz handia da “Tentazioa konpainiak eta Eneko Olasagasti bezalako zuzendari batek lana oholtzaratzea, eta are gehiago, hori AEK bezalako erakunde garrantzitsu baten eskutik etorriko delako”. Zentzu horretan, horrek antzezlanaren kalitatea bermatuko duela gehitu du.
Eneko Olasagastik, AEK-k eta Korrikak euskal kulturari oro har eta euskal antzezpen ekoizpenei kasu honetan eman bultzada azpimarratu du. “Korrika-AEK bekak ahalbidetu egiten duelako ekoizpen lana hasten denetik plazaratu egiten denera arte”, esan du.
“Metxa” lanaren inguruan, berriz, honakoa esan du: “Gure izatea definitu beharrean gauden momentu latz honetan Metxak sentimendu nazionala eta memoria kolektiboa ahalbidetzen du aldi berean ortodoxiaren kontra borrokatuz. Metxa pertsonaiaren bidez, antzezlanak hausnarketarako deia izango den ironia eta umore finaz hornitutako fauna deskribatuko du. Belaunaldi batetik besterako transmisioa islatzen du lanak. Izan ere, gerra zibilaren garaian kontatu ez ziren edo kontatu ezin zirenak azaltzen dizkio Metxak Beñat txikiari”.
Eneko Olasagastik Metxaren istorioa eta Joseba Tapiaren “Agur intxorta maite” uztartuko ditu antzezlanean. Antzezpenean musikak jokatuko duen berebiziko papera azpimarratu du Olasagastik. Joseba Tapiak, lan bikoitza izango du; alde batetik, “Agirretarren bandera” hereserkia musikatu du -Oskorriren bertsioari elementu berriak gehituz- eta, bestetik, aktore bat gehiago izango da antzezlanean.
Joseba Tapiarekin batera, Jose Ramon Soroiz (Metxa), eta beste lau “agirretar”: Anjel Alkain, Aizpea Goenaga, Ramon Agirre eta Ainara Gurrutxaga, eta horiekin Beñaten rola jokatu duen umea. Eszenografiaren elementu nagusia Metxa eta Beñaten arteko transmisioarekin lotuta dago. Metxaren gela, eta Metxaren gelako mahaia izango dira bi garairen arteko elkargunea, Metxa zaharra eta Beñat biloba; eta halaber, kontaketarako bide.

Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba