El Chivato

«John Wayneren laguna» antzezlanak Donostia Antzerki saria irabazi du

Ados Teatroak iaz estreinatutako «John Wayneren laguna» antzezlanak Donostia Antzerki saria irabazi du, zeinak urte osoan Gipuzkoako hiriburuan eskainitako euskarazko antzerki lanik onenari begirunea egiten dion. Garbi Losadak idatzi eta zuzendutako lanak Santi izeneko pertsonaia du obrako ardatz. Ama hiltzean bakarrik gelditzen den adimen urriko gizona da Xanti. Artez Blai argitaletxeak bere antzerki testu bildumako laugarren liburuan lan honen erdarazko bertsioa jaso du, «El amigo de John Wayne«. Dora Salazarren artelana, 9.000 euro eta obra saritua berriro taularatzeko hitzarmena, eta hurrengo obra Donostian estreinatzeko aukera. Horiek dira Donostia Antzerki sariak Ados Teatrori ekarriko dizkion onurak. Atzo ezagutarazi zuten Donostiako udaletxean aurtengo irabazlearen izena eta sari-ematea ostegun honetan izango dela iragarri zuten: Antzoki Zaharrean, 20.00etan hasita. Saria banatu eta gero, taldeko aktoreek gala txiki bat eskainiko dute.
Saritutako obra «John Wayneren laguna» da, Garbi Losadak idatzi eta Koldo Losadak, Martxelo Rubiok, Teresa Calok, Aintzane Gamizek, Jabi Barandiaranek eta Jon Ezkundiak taularatua.
Ramon Etxezarreta, Norka Chiapuso eta Dora Salazar mintzatu ziren prentsaurrekoan eta euskarazko antzerkiak Donostian azken urteotan izan duen gorakada aipatu zuten zifra batzuen laguntzarekin. «Lehen Santo Tomas egunean bakarrik ematen zen antzerkia euskaraz. Orain urtean 19 emanaldi egitera iritsi gara», esan zuen Etxezarretak. Oihulari Klown, Ados, Vaiven, Maskarada, Tentazioa, Hika, Tanttaka, Kirikoketa eta Aitzpea Goenaga izan dira sariketan irabaztun izateko aukerak izan dituztenak.

Mostrar más

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba