|
|
ntzerkia |
te tro |
Kalea da ikuskizuna
14 konpainia Biarritzeko III. Kaleko Arteen Jaialdian
Deabru Beltzak taldearen ikuskizun berria estreinatuko da
Frantzia, Euskal Herria eta Madrilgo taldeak izango dira
Biarritzen burutuko den Festival des Arts de la Rue-Kaleko Arteen Jaialdiak hirugarren edizioa beteko du maiatzaren 17tik 20ra bitartean, bertan izango diren 14 konpainiek Lapurdiko herri honetako bazter guztiak kolorez eta umorez beteko dituztelarik, iragarritako agerraldiak toki finkoetan zein kalez kale antzeztuko baitira. Aurten ere, Biarritz Evenement erakundeak antolatutako ekimena, aurten ere, adin eta tendentzia guztietako ikusle eta oinezkoekin topo egiteko asmoarekin dator, egitarauan tartekatutako konpainia gehienak beraien ekoizpenen bizpahiru saio eskainiko baitituzte.
Hizkuntza unibertsalak
Frantziar estatuko bazter guztietatik heldutako konpainiez gain, Madrilgo konpainia bat eta Euskal Herriko Deabru Beltzak eta Théâtre du Versant tartekatuko dira egitarauan. Garbitxuk zuzentzen duen konpainia bizkaitarrak bere bederatzigarren lana estreinatuko du 19an. Bande Déplacée ikuskizun ibiltaria antzerkigintza, dantza, argiak eta sua bezalako hizkuntza unibertsalez baliatzen da, agerraldiaren azken asmoak mugak gainditzea, barne-barnean gordetako sentimenduak azalaraztea eta ikusleen partaidetza lortzea direlarik. Hala ere “osagarri folklorikoak, aipamen historikoak, pasadizoak eta pertsonalitateen inguruko erreferentziak alde batera utzi eta abstrakzioa egin dut elementu horietatik abiatuta”, dio zuzendariak. Azken finean “hutsala kendu eta mamia bilatzea nahi izan dut”, gaineratuz.
Biarritzeko Théâtre du Versant konpainiak, bestalde, Les chevaliers de la Lune eta La foire aux passions lanak aurkeztuko ditu 17an eta 20an. Mendebaldeko Antzerkiaren iturrietara itzuli eta Commedia Dell'Arteren tradiziotan murgildu da gertutasunezko lana eskaintzeko. Konpainia lapurtarrak bi proposamenetan bat-batekotasuna, joku-estilo bizia, ezustekoa eta ikuslegoarentzat zuzenak diren proposamenak aurkezten ditu, ohiko agerraldietan erabiltzen diren tresnak deseginda eta antzerkiaren mugak gaindituz.
Hiru lan desberdin gerturatuko ditu Biarritzera No Tunes International konpainiak. Lehenak, Les Facteurs, amodio, anonimo, salaketa, gezur eta agindutakoak azaltzen duten eskutitzak banatzen dituzten bi postari xelebre ditu protagonistak; Les Noceurs ikuskizunak, bestalde, parrandan dabiltzan 50 urtetik gorako bi gau-txori despistatu eszenaratzen ditu. Taldeak aurkeztuko duen Rendez-vous hirugarren lanak hiru lagunen arteko nondik norakoak islatzen ditu, baina bata hilda dagoenez beste biek omenaldia egitea pentsatu dute, hori bai, hildakoari buruz aipamenik egin gabe.
Acidu konpainiak antzeztuko duen La chorale Saint Flaubert ikuskizunean, herri bateko apaizak bultzatutako ‘10.000 teila nire kanpandorrea konpontzeko’ kanpainaren barne sortutako abesbatzaren errepertorioko abesti ezezagunak eskainiko zaio entzuleriari.
Bakarkako lanak
Musika du gaia Art Session konpainiak aurkeztuko duen MarTintouSeul ikuskizunak ere. Lan honetan protagonista den Jérôme Martin abeslari, hitzontzi, piano jole, perkusio jole eta umorista lanak egiteko dituen dohaiez gain, liluragarria eta karismadun gizakia ere azaltzeko gai da, bere unibertso pertsonalean murgiltzeko aukera eskainiz.
Erik Sanka artistak “Eta Sardinak historiaz beteriko hiria balitz eta Cook jendarmeria bateko kapitain korsikarra balitz?” galderarekin aurkezten du L’Affaire Sardines ikuskizuna. Avec ou Sanka konpainiaren antzezlaneko protagonistak zientziaz jantzitako justizia aldarrikatzen du, gai baita bera bakarrik mundua berregiteko 37 minututan.
F.F.T.S.-Fédération Française de Théâtre Sportif ‘erakundeak’ antolatutako kirol-antzerki lehiaketaren 8. jardunaldian murgilduko dira Bougrelas konpainiako antzezleak eta bere agerraldian beharrezkoak diren ariketak eta sortutako performance onenak eskainiko dituzte ahalik eta puntu gehien lortzeko asmoarekin eta sailkapen orokorreko tokia hobetzeko. Guztia, kirol esatari baten azalpenekin eta ikusleen artetik aukeratutako epaimahaiak aztertuta.
Gosearen ondorioak
Mundua ezagutzeko grinarekin abiatzen dira Gazelle konpainiako Tounoir eta Toublanc Le Festin de Tounoir eta Toublanc ikuskizunean, baina bidaiarako janaria eramatea ahaztu dute. Laster, gose izango dira eta batek txokolatezko tarta egiteko osagarrien bila doan bitartean besteak istorioak kontatuko ditu itxaronaldia baretzeko.
Komunikazio arazoak jorratuko ditu Compagnie du Petit Monsieurek En dérangement... ikuskizunean. Agerraldiko protagonista den Paul Durandek telefono dei bat egin nahi du baina telefono-kabina batera doanean ezin izango du atea zabaldu eta, barrura sartzeko ahaleginetan, sinestezinezko akrobaziak egin beharko ditu bere asmoa lortzeko.
Zientzialariak, gaixoak, lekukoak, mugalariak, azkarrak edo dendariak dira Pudding Théâtrek aurkeztuko duen Mémoires de chambres froideseko protagonistak Bakoitzak izozkailu bat du eta bertan inguruan daudenei kontatzeko irrikitan dituen oroitzapenak, ikusitakoak eta bizipenak gordetzen ditu.
Zorrotza baino zorrotzagoa den ama eta bere semearen arazoak dakartza Scène de Vie konpainiak Le p’tit Léo ikuskizunean. Amak pedalekin dabilen hegazkina oparitu dio bere semeari urtebetetze egunean, baina arazo bat dute: pista behar dute aireratzeko. Asmo hori lortzeko buru belarri aritu beharko da ikusleriaren laguntzarekin bat-bateko pista gauzatzeko.
Pelikula handia filmatzeko asmoarekin dator Schaul Pifer Silence! On tourne! lanean baina, zoritxarrez, ekoizle gaiztoek alde batera utzi dute eta protagonista kalegorrian gelditu da, material pixka aldean duenez, antzezle eta teknikoak bilatzen hasiko da filma gauzatzeko.
Du Thé a la Rue konpainiak artisten eta ikusleen arteko harremanak jorratzen ditu Public & Cie ikuskizunean. Public & Cie enpresaren bidez kale-antzerki taldeen eta kale-ikuskizun zaleen arteko harremanak hobetzeko eta asmoa duten bi langile helduko dira Biarritzera inguruko publikoa ikusle profesionala bilakatzeko xedez.
Madrilgo Vaudeville Negro konpainia berriz, magiaz, zirkoaz, musikaz eta antzerkiaz baliatzen da XX. mendeko 30. hamarkadan girotutako Boîte à malice lana ekoizteko.
|